Zarratu liburuak, har dezagun atseden!

Gotzone Duñabeitia Kintana (Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoa)

Batzuei luze egingo zitzaien; beste batzuei labur, baina joan da 2021-2022 ikasturtea. Atzean utzi gura dugun aro bat ahazten hasiak gara, eta aurrera begira tuneleko irteera garbiago ikusten dugu.

Izan ere, nork esango luke ikasturtea maskarillekin eta distantziekin hasi, eta elkar besarkatuz eta elkarri aurpegiak ikusiz zarratuko genuenik? Gogor egin dugu lan guztion osasuna babesteko, norbanakoa zainduz, taldea zaintzeko. Datorren ikasturteari begira beste ilusio eta poztasun bategaz hartuko dugu atseden.

Erronka eta proiektu txiki bezain handiak baititugu aurretik. Hor ibili gara ikasturtean zehar burubelarri material berrien inplementazioan, espazio fisikoaren eraldaketa eta azterketan, beste ikastola batzuetara bisitak, eta hainbat gairen inguruko prestakuntza lanetan. Horrez gain, maiatza bukaeran auzolan eguna izan genuen, esaterako, eta hura bezalako egun gehiago antolatu gura ditugu. Gure hezkuntza eredu eta garapenean ezinbesteko ezaugarri bihurtu behar dugu.

Gaur San Joan bezpera da. Gaur aurtengo zantarrak erreko ditugu, eta arto eta gariak gorde, koplak dion legez. Hortik aurrera, aurtengo liburua zarratu, eta atsedena hartu. Aupa Kurutziaga! Oporraldi ona izan dezazuela!