Urko Rodriguez: “Hirugarren urtez, Herriko Merkatarien Loteria egingo dugu”

Badira hiru urte herriko merkatariekin Gabon Loteriaren ordez, Herriko Merkatarien loteria abian jarri genuela. Ez nuke esango berria denik proposamena, baina ohitura bilakatu denik esatera ere ez naiz ausartzen. Erdibidean egongo gara oraindik, baina bagoaz apurka ohitura bihurtzeko bidetik.

Herriko komertzioaren garrantzia modu askotara irakur daiteke, baina ni hurbiltasun eta bizitasunera mugatuko naiz. Ez naiz inor non eta zelan erosi behar den esateko, baina ados egongo zarete ez dela berdin kale ilun eta hotz bat eta, merkatariei esker, argiz eta jendez betetako kale bat.

Gaur egun klik batekin erosi daiteke nahi dena, baina klik horrek ez ditu kaleak jendez betetzen, alderantziz, hustu egiten ditu. Kale biziaren apologia egiten dut idatzi honen bidez, herriko merkatarien alde. Berton, hurbil eta aurpegira begiratuz behar duguna eros edo lortu dezakegulakoan nago. Ez beti, baina gehienetan bai.

Durangon antolatu dugun ekimen bakoitzean hainbat ate jo ditugu laguntza eta babes eske, eta merkatari zein hostalarien partetik jasotako erantzuna beti izan da baiezkoa. Behar izan dugunean laguntza jaso dugu, eta oraingoan, hirugarrenez, guri dagokigu.

Horregatik, aurten ere, herriko merkatariekin batera egingo dugun gabonetako zozketa. Babes ditzagun herriko merkatariak, beraiek baitira gure kaleen argiak.