2020-21 ikasturteari ekiteko gogotsu dago Urko Rodriguez Kurutziaga ikastolako Zuzendari Gerentea. Jakitun da aurreko ikasturtea legez, ikasturte hau ere ez dela erraza izango, baina bidean ikasitakoak ere ez dira alperrik izan.
Ikasturte berri bat hasiko dugu astelehenean, Covid-19a inguruan dugula oraingoan…
Ba, bai. Covid-19a hor dago, baina geu ere hemen gaude, eta hori azpimarratu nahiko nuke, hasteko, lan-talde osoaren izenean. Ikastola, eta hezkuntza zentruak orohar, ezinbestekoak dira gure ume eta gaztetxoen garapenerako, eta ez eduki batzuez jabetzeko bakarrik. Hor dago aspektu soziala, emozionala… Beraz, aurten “Ondo etorri!” esaten dugunean, inoiz baino zentzu handiagoa hartzen du esaldiak.
“Sen-komunitario hori inoiz baino beharrezkoago da orain”
“Ondo etorri!”, baina etorri aurretik jarraibideak irakurri, ezta?
Jakina! Aste honetako buletinean hainbat ohar eta jarraibide doaz familientzat: mailaz-mailakoak, orokorrak, sarrera-irteerak… Gauza asko dira, badakigu, guretzat ere buruhauste galanta izan baita Tetris hori osatzea. Ze, pandemia honek erakutsi digu ez dagoela guztia kontrolpean izaterik, baina baita gure esku dagoen guztia egitea gure ardura dela ere. Sen-komunitario hori inoiz baino beharrezkoago da orain. Zaindu gaitezen eta zaindu dezagun elkar, hori izango da babesik onena.
“Noiz arte egongo dira ikastolan?”, izango da guraso askoren galdera.
Eta langile guztiona!… Guk dakiguna da Ikastolen Elkartetik eta Hezkuntza Sailetik helarazitako protokolo, kontijentzia plan eta gainerako guztiak bete ditugula, eta prest gaudela. Jarraibideak zehatzak eta zorrotzak dira eta, hala ere, geure artean hizketan hasi eta beti sortzen dira kausuistika berriak. Argi berba eginda, jakitun gara ez dela urte erraza izango, ez Kurutziagan eta ezta hezkuntza alorrean bakarrik ere.
“Guk dakiguna da Ikastolen Elkartetik eta Hezkuntza Sailetik helarazitako protokolo, kontijentzia plan eta gainerako guztiak bete ditugula, eta prest gaudela”
Hezkutza Saila aipatu duzunez, Euskal Herriko Ikastolek ez dute oso balorazio positiboa egin sailarekin izandako bileraz.
Zuzendaria naizen neurrian jaso dut bilera horien berri. Gurasoek ere buletinaren bitartez jasoko dute Ikastolen Elkartearen balorazioa, non dezepzioa aipatzen den. Irudipena daukat gu etxeko lanak eginda iritsi garela irailera, eta beste batzuk ez. Paperak edozeri eusten dio, baina ikasgelek dituzten metroak dituzte, ikasgelako dugun ikasle kopurua dugu… Gurako nuke berandu barik beste zerbait esateko moduan egon!
Eta hala ere…
Eta hala ere, ondo etorri guztioi! Astelehenetik aurrera ikastolan ikusiko dugu elkar!