Rakel Gamito (#Izandig): “Ezin dugu beste aldera begiratu. Gazteak testuinguru digitalaren parte dira”

Rakel Gamito Gomez da Euskal Herriko Ikastolek bultzatutako #Izandig proiektuko aditua eta irakaslea. Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologiak (IKT) ikasgaia ematen du Lehen Hezkuntzako graduan, EHUren Hezkuntza eta Kirol Fakultatean. Berak gidatuko du datorren astelehenean Kurutziagan izango den saioa.

Zeri deitzen diogu segurtasun digitala?

Segurtasun digitalak, teknikoki, gailu digitalen babesari erreferentzia egiten badio ere, #Izandig proiektuan kontzeptu horren baitan alor digitalean gure osasuna (fisikoa zein psikologikoa), harremanak zein nortasuna babesten dituzten prebentzio jarraibideak eta jarrera arduratsuak bildu ditugu, txikitatik sarearen erabilera osasuntsua bermatzeko.

“Konektibitateak garapen pertsonalerako aukera ugari eskaini dizkigu baina arriskuak ere ezagutu behar dira”

Azken aldian asko hitz egiten dugu arriskuez baina guztiok sarera hain konektatuta gauden garai honetan, ez ote gara ari arriskuak bakarrik azpimarratzen?

Askotan bai, azken finean titular beldurgarri bat beti da irakurleak lortzeko estrategia on edota erraz bat. Egia da arriskuak egon badaudela, baina garrantzitsua da arriskuei buruz hitz egiten dugunean horiek interneten onurei itzal ez egitea. Internet mundu osora irekita dagoen leiho bat da, ezagutzaz eta aukerez beteta. Konektibitateak garapen pertsonalerako aukera ugari eskaini dizkigu: harreman berriak eraiki, esploratzea, adieraztea, nortasunaren zenbait alderdi garatzea, taldean aritzeko gaitasunak eskuratzea, besteen onarpena jaso, emozioak kudeatzen ikasi… Baina, horretarako, arriskuak ezagutu behar dira, erabilera arduratsuaren prebentzio jarraibideak barneratuta izan behar dira eta gaitasun eta jarrera kritikoa ezinbestekoa da.

Zein da hezkuntzan dihardugunon ardura eta zeregina?

Ezin dugu beste alde batera begiratu. Gure inguruko haur eta gazteak testuinguru digitalaren parte dira, bertan parte hartzen dute, elkarreraginean daude etengabe eta, ondorioz, bertan ere hezten dira. Beste alor guztietan bezala, prozesu horretan ere gertuko helduen babesa behar dute. Argi dago teknikoki ez dutela inolako laguntzari behar, abilak dira eta modu intuitiboan erraz erabiltzen dute edozein gailu. Baina erabilera tekniko hori segurua izateko gidaritza behar dute. Eskolak eta familiak, alor digitalean ere, bidelagun izan behar dugu.

Zein da gurasoen edo familien ardura?

Lehen esan bezala, gidaritza. Txiki-txikitatik zenbat aldiz azaltzen diegu umeei nola gurutzatu behar den errepidea? Hasiera, gainera, gurekin batera egiten dute, eskutik. Ostean, eskua eman gabe, baina gure ondoan. Urteak pasa ahala, bakarrik gurutzatzen uzten zaie, baina beti kontuz ibiltzeko gogoratu ostean. Hori guztia erabat araututa dagoen errepide bat gurutzatzen ikasteko egiten badugu, zergatik ez mugikor bat erabiltzen ikasteko?

Etxean erabilerari buruz hitz egin behar da, egiten/ikusten dutenari buruz, pentsatzen dutenari buruz, gustuko dutenari buruz…, heldu bezala horren ikuspegi kritikoa garatzen laguntzeko. Gainera, segurtasunari buruzko informazioa eta aholkuak ere behar dituzte gure txikiek: zeintzuk diren arriskuak, nola identifikatu, zer da pribatutasuna, zergatik zaindu behar dugun…

Horrekin batera, nahi izanez gero, erabilera-arauak ezarri daitezke, baina garrantzitsua da horiek bakarrik denbora kopurura ez mugatzea eta jarrerak ere jasotzea (ezin da mugikorra erabili inor iraintzeko edo baztertzeko, adibidez). Azkenik, garrantzitsuena: eredu izan! Ezin zaie txikiei eskatu guk egiten ez duguna.

“Ez dugu formula magikorik emango, baina kezkak edo esperientziak partekatzeko gune bat izango da eta zenbait gako garrantzitsu azalduko dira”

Asteleheneko saioak jakinmina sortu du eta hainbat lagunek izena eman dute honezkero. Zergatik uste duzu sortzen duela gaiak halako interesa?Zerbait berria da, orain arte kudeatu ez duguna eta, ondorioz, familiak ez daki oso ondo zein den norabide egokia. Gainera, gaiari buruzko informazioa eskaintzeaz gain, ikasleekin egindako saioen berri ere emango da eta, horrela, gurasoek ezagutuko dute nola landu den gaia modu praktiko batean eta zer-nolako mezuak jaso dituzten euren seme-alabek. Ez dugu formula magikorik emango, baina kezkak edo esperientziak partekatzeko gune bat izango da eta zenbait gako garrantzitsu azalduko dira.

Izena emateko bete beharreko orria hemen.