Ibaizabal Ikastola bisitekin hasiko da laster, matrikulazio epea hastear baitago. DBHko ikasleek jauzi berri bat egin behar dute, eta Ibaizabalek Batxilergoa eskaini ez ezik, formakuntza zikloak ere eskaintzen ditu. Horiez guztiaz egin dugu berba Oihane Ozamiz Uriartegaz, Ibaizabal Ikastolako Batxilergoko ikasketa buruagaz.
Hezkuntza proiektuari dagokionez, zein helburu du Ibaizabal Ikastolak?
Ikaslearen garapen sozial integrala lortzea da, familia eta irakasleekin lankidetza estuan eta Euskal Herriko kulturaren barnean. Gure hezkuntza proiektuaren erdigunean ikasleak jartzen ditugu eta helburu nagusiena ikasleei beraien etorkizuneko ikasketarako oinarri paregabea izan dezaten laguntzea da, ikasleak bizitzarako ondo prestatuta atera daitezen, beraien buruarengan, besteengan eta testuinguruan konfiantza izan dezaten, beraien gaitasunak ahalik eta egokien garatzeko eta zoriontsu izateko.
Ibaizabaleko ateak ireki, eta mundu txikia dirudien horretan gauza asko ikusten dira. Zer nabarmenduko zenuke zuk mundu horretatik?
Ikastola txikia dela ematen duen arren, eraikin txiki horren atzean dozenaka proiektu dira urtero aurrera eramaten ditugunak. Eta hori guztia da ikastola hau hain berezia egiten duena. Gaur egun, Batxilergoa (Humanistikoa, Zientifikoa eta Teknologikoa) eta Haur Hezkuntzako Goi-mailako Lanbide-heziketako Zikloa eskaintzen ditugu.
Hala ere, Ibaizabal Ikastolaren irismena ez da hezkuntzara mugatzen, eta bestelako zerbitzuak eta negozio-alorrak ere barnebiltzen ditu: KirolErrota Gimnasioa, Errota ostatu-aterpea eta taberna/kafetegia ditugu. Hauek jarduerok ere ikastolak kudeatzen ditu eta bertatik lortzen diren etekinak hezkuntzako proiektuak bultzatzeko erabiltzen dira (hezkuntza-proiektua sendotzen dute). Halere, etekin ekonomikoen emaile izateko baino, kulturaren eta euskararen suspertzaile izateko bokazioa dute. Gainera hezkuntza ez arautuaren barruko ikastaroak ere ematen ditugu: sorosle izateko titulazio profesionala, arreta soziosanitarioa, hizkuntzak…
Zelakoa da irakasleek ikasleriarekin duen harremana?
Gertukoa, Ibaizabal Ikastolan gertutasunari eta jarraipen pertsonalizatuari erabateko garrantzia ematen diegu. Familia-giroko Ikastola txikia izateak harreman estua, komunikazio zuzena eta informazio gardena ahalbidetzen ditu, bai ikasleei begira, bai familiekiko. Harreman osasuntsuak eraikitzea garrantzitsua da norberaren identitatea modu egokian eraikitzeko.
Badago alde akademikoa, baina ikasturtean zehar ikastola osatzen dutenen artean jaialdi eta egun berezi asko antolatzen dituzue…
Ibaizabal Ikastolan badaude, ikasketez gain, harremanak eraikitzeko ‘momentutxoak’. Gaztainerre eta Udaberri-jaiak dira esanguratsuenak irakasle-ikasle-langileen artean ingurune ez formaletan konfiantza-guneak eraikitzeko eta sendotzeko. Eguna luzatzeko aukera izaten dugu eta ikasle askok gau horretan ikastolako ostatuan pasatzen dute gaua. Horrelako bizipenetatik harremanak eraikitzea posible da eta hauek ezinbestekoak dira talde-pertenentzia eta esperientzia partekatuak probokatzeko ikasleen artean.