Mari Luz Guenaga da Kurutziaga Ikastolako presidente berria: “Artezkaritza pertsona-talde ona eta langilea da; konfiantza handia ematen dit aurretik dugun lanari ekiteko”

Mari Luz Guenaga Gomez (Eibar, 1975) Kurutziaga Ikastolako presidente berria da. Aurretik Artezkaritzan jardun duenez, ondo ezagutzen ditu ikastolaren izaera eta funtzionamendua. GUK16 taldearen sortzailea ere bada. Teknologian aditua da eta, Deustuko Unibertsitateko ingeniaritza fakultateko irakaslea eta ikerlaria.

Ikastolako presidente kargua hartu berri duzu. Pozik abiatu duzu ikasturtea?

Pozik eta gogotsu nago, bai, baina ardura handia ere sentitzen dut. Aukera paregabea da ikastolako komunitatean eragin positiboa izateko; bestalde, kontziente naiz garai zail eta ziurgabeei aurre egiteko momentua dela. Hala ere, Artezkaritza pertsona-talde ona eta langilea da eta horrek konfiantza handia ematen dit aurretik dugun lanari ekiteko.

Zeintzuk izango dira ikasturte honetarako aurreikusten dituzun erronkak?

Alde batetik, kudeaketa plana daukagu. Honek definitzen ditu ildo eta lan nagusiak. Hauek martxan jarri, martxan zeudenekin jarraitu eta guztiei jarraipena egingo diegu ikasturtean zehar.

Bestetik, jantokiko langileen egoera dugu mahai gainean. Badakigu eskaerei erantzuteak lan handia eta denbora beharko dituela.

Hezkuntza Lege berriak dakarkigunari aurre egitea eta ikastolaren hezkuntza proiektuari erantzuna emango dion espazio berriak eraikitzea beste erronketako batzuk dira. Amaitzeko, batzar orokorrean ikusi zen bezala, komunitatearen parte-hartzea sustatzea ere lehentasuna da.

Ikastolako Artezkaritzan aurretik ere egon zara. Zelako esperientzia izan da?

2013an lehenengo aldiz egon nintzen eta 2022an berriz sartu nintzen. Oso positiboa eta aberasgarria iruditzen zait, asko ikasi dut urte hauetan. Momentu zailak ere badaude. Izan ere, ikastola komunitate handia eta konplexua da, eta erronka asko daude mahai gainean.

Teknologia berrien erabilera arduratsuaz hausnartzeko sortutako GUK16 taldean ere parte hartzen duzu. Zein aurrerapauso eman dira?

Telefono mugikorrak haurrei emateko adina atzeratzen saiatzen gara, bakoitzak bere egoera eta irizpideen arabera. Horretarako, guraso taldeak sortu ditugu, mailaka, gai hauen inguruan hausnartu, ikasi eta ideiak zein ardurak konpartitzeko. Indarrak batzea eta bakarrik ez sentitzea da helburua. Hitzaldiak eta ikastaroak ere antolatzen ditugu, interesatzen eta arduratzen gaituzten gaiak lantzeko. Garrantzitsua da ikastolarekin bat egitea gaia denon artean lantzeko, baita gazteekin ere. Komunitate osoaren ardura da.

Tresna digitalen erabilera ertz asko dituen gaia da. Plan digital bat egin beharko litzateke?

Tresna digitalak aspaldi sartu ziren geletara eta sasoia da gai horren inguruko balorazioa egiteko. Digitalizazioak eta gailuen erabilerak onurak eta kalteak ekarri ditu, bai ikastolan eta baita ikastolatik kanpo ere. Guztion artean (irakasle, ikasle, guraso eta ikastolak) hausnarketa egin behar dugu eta, horretan oinarrituta, ekintza desberdinak aurrera eraman.