Maider Zubizarreta eta June Belategi: “Euskarabenturan parte hartzera animatu gura ditugu DBH4ko ikasleak”

Maider Zubizarreta eta June Belategi durangarrek Euskarabenturan parte hartu zuten iaz. Gaur DBH4ko ikasleekin partekatu dituzte bertan bizitako esperientziak eta baita aurtengo edizioan parte hartzera animatu ere. Kurutziagako ikasle ohiak biak, Ibaizabal ikastolan batxillergoko bigarren mailan ari dira gaur egun.

2019ko uztailean biok izan zineten Euskarabenturako partaide. Azalduko diguzue zer den Euskarabentura?

Hamasei eta hamazazpi urrteko gazteentzako oinezko espedizio bat da (aurten izango da hirugarren edizioa). 120 gaztek hartzen dute parte . Uztailean izaten da eta hilabete osoa hartzen du. Helburua da euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzea eta, bide batez, Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta zelanbaiteko sare bat sortzea.

“Helburua da euskal geografia, kultura eta historia lagunartean ezagutzea eta, bide batez, Euskal Herriko txoko ezberdinetako gazteek elkar ezagutzea eta zelanbaiteko sare bat sortzea.

Zer baldintza bete behar dira Euskarabenturan parte hartzeko?

DBH4 eta batxillergoko lehenengo mailako ikasleei zuzenduta dago, horregatik egin dugu gaur aurkezpena Kurutziagan. Baldintza bakarra euskaraz jakitea da. Pentsa! Iaz suediako neskako batek parte hartu zuen, aita euskalduna izanik euskaraz bai baitzekien.

Bestalde, Euskarabenturan parte hartu ahal izateko pauso batzuk eman behar dira. Motibazioa gutun bat idatzi behar da eta gero proiektu bat aurkeztu beraie proposatzen dituzten hiru gaien arteko bat landuz . Gero epaimahai batek 120 parte hartzaileak aukeratzen ditu aurkeztutako lanen arabera.

(aurtengo gaiak: “Euskal emakume sortzaileak”; “Natura plastifikatua”; “Mugak gaindituz integraziora bidean”. Martxoaren 15a aurretik aurkeztu behar dira. Hemen baldintzak)

Zein izan zen zuek iaz egin zenuten ibilbidea? Gogorra izan zen?

Iazko edizioan Mauletik abiatu eta Getxoraino joan ginen, hiriburu guztietatik pasatuz. 783 kilometro guztira eta horietatik 483 oinez. Baina ez dadila inor beldurtu! Ez da egun guztia oinez ibiltzea. Normalki etapak goizez egiten genituen eta arratsaldeak libre izaten genituen, edo adituak etortzen ziren hitzaldiak ematera, tailerrak egitera… Bestela geuk sortzen genuen saltsa!

Aipatu behar da, baita ere, 120 gazte ginela baina gero badaudela beste 30 bat lagun gainontzeko guztiaz arduratzen direnak: Sherpak, komunikazioa taldea, medikuak, erizainak… Oso ondo antolatuta dago.

“Hasieran ezerdintasunak nabarmen ikusten dira, lurraldekakoak, euskalkiak… Baina gerora, hain justu horixe da aberasten zaituena”

Zelakoa da elkarbizitza hilabete osoan 120 lagunen artean?

Hasieran apur bat kostatzen da. Guk biok egoteko zortea izan genuen eta horrela abiatzea errazagoa da. Hasieran ezerdintasunak nabarmen ikusten dira, lurraldekakoak, euskalkiak… Baina gerora, hain justu horixe da aberasten zaituena. Bakoitza bere txokoakoa izanik zelan, euskararen bitartez, jendea, geografia, historia, eta hori guztiori ikasten zoazen. Ez da txapa bat. Egunik egun barneratzen zoazen zerbait da. Eta egiten diren harremanak… Getxon amaitu genueneko besarkadak eta negarrak itzelak izan ziren.

Zuek, adinagatik, ezin duzue berriz parte hartu baina Kurutziagara etorri zarete gazteagoak animatzera.

Hori da. Benetan esperientzia aberasgarria da. Gure artean, gure herrian bertan dagoen aniztasunaz ohartzeko aukera aparta da. Batzuk Tuteratik datoz, besteak Iparraldetik, besteak auskalo nondik…

Guk gazte moduan ezin dugu parte hartu baina 18 urte beteta izanez gero Sherpa moduan parte hartzeko aukera dago. Aurten ezin badugu ere, seguru lehenago edo beranduago parte hartuko dugula berriz.