LH6ko ikasleek Rio de Oroko Koldo Anderez kideari egin diote elkarrizketa: “Bai, janari nahiko dago, baina ez dago aniztasun askorik”

Bihar, barikua, amaituko da Rio de Orok martxan jarri zuen janari bilketa. Kanpainari bultzada bat emateko asmoz eta Rio de Oro elkartearen lana hobeto ezagutzeko, LH6ko ikasleak Koldo Anderezegaz elkartu ziren eta berbalditxo bat izan zuten. Koldo, ikastolako ikasle ohia izateaz gain, elkarteko boluntarioa da.

Hona hemen elkarrizketak eman zuena:

Zenbat urte daramatzazu Rio de Orogaz lanean?

Aurten elkarteak 10 urte egin ditu eta ni orduan hasi nintzen lanean elkartean. Proiektuaren berri nire ikaskide batek eman zidan, berak izan zuen Rio de Oro Durangaldea sortzeko ideia. Italian bertako Rio de Oro elkartea ezagutu zuen, eta berria jakiterakoan segituan elkartean sartu nintzen.

Beste urte batzuetan zenbat tona janari lortu duzue kanpainan? 

Ez dakit zenbat tona zehazki. Baina badakit 38 pale eraman izan ditugula, horiek baitira trailerrean sartzen direnak. Baina aurten ez digute uzten trailer oso bat eramaten, kamioi txikiago bat eraman beharrean gaude. Eta kamioi horretan trailerraren herena eraman dezakegu soilik.

Rio de Oron zenbat boluntario zaudete? Nahikoak al dira? 

Elkartean 16 bat boluntario gabiltza lanean. Kopuru polita da, baina azkenengo bileran konturatu ginen guztiak elkartea sortu zen garaietakoak garela eta badela ordua jende berria elkartera erakartzeko eta zuek guztiok [ikasleei] animatu gura zaituztet elkartean parte hartzera. 

Zein da Rio de Ororen egitekoa?

Lehen aipatu bezala duela 10 urte hasi ginen lanean eta gure egitekoa beti izan da berdina, Saharar herriak bizi duen egoera apur bat arintzea eta ahal dugun neurrian sahararren bizi kalitatea hobetzea proiektu desberdinen bitartez. Gaur egun eskuartean ditugun proiektuak eta hauen helburuak honako hauek dira:

  • Edaal etxea: Mediku arazoak dituzten umeak beraien amekin jasotzen ditugu Ermuako etxe baten, behar dituzten tratamenduak jasotzeko.
  • Oporrak bakean: Tindufeko (Aljeria) kanpamentuetako 10 eta 12 urte bitarteko haurrak hemengo familietara ekartzea udako oporrak hemen pasatzera.
  • Karabana solidarioa: Elikagaien Munduko Programa (EMP) Tindufeko errefuxiatuen kanpamenduak oinarrizko elikagaiez hornitzea.
  • Harrera kanpamentua: Tindufeko errefuxiatu kanpamenduetan bizi diren desgaitasun fisiko, psikiko edo sentsorialak dituzten haurrei zuzendutako udalekua.

Nondik lortzen duzue dirua  zuen lana egiteko?

Lehen urteetan arropak saltzen genituen, jaialdiak ospatzen genituen… denetik. Orain, esku artean ditugun proiektuak dimentsio handia hartu dute eta Durangaldeko udalek dirua ematen digute. Akordioak ditugu hainbat udaletxekin. Karabana solidarioan bizum-a egiteko aukera eman dugu, baina bertatik ateratzen dugun diru guztia kanpaina horretan utziko dugu.

Zenbat jende dago Saharako kanpalekuetan?

180.000 mila saharar daude Aljeriako lurretan, bost herrixketan banaturik.

Nahikoa al da kanpainak lortutakoa urte osoan?

Beste elkarte batzuk daude, eta baraiek ere janaria eramaten dute bertara. Bai, janari nahiko dago, baina ez dago aniztasun askorik. Fruta eta barazkiak, adibidez, oso gutxitan hartzeko aukera dute.

Badago berezitasunik ikusi duzunik? Esaterako, kozinatzerako orduan?

Ba, kozinatzeko badute ohitura sua egitekoa. Sukaldeak badaude etxe gehienetan eta gasa erabiltzen dute, baina ohitura ez dute galdu. Sua egiteko harearen beroa aprobetxatzen dute.

Urtean zehar egoten al zarete Saharan laguntza ematen? Zenbat pertsona? 

Bai, urtero bidaia bat egiten dugu, eta sei pertsona joaten gara bertara abenduan. Gure proiektuen jarraipena egiten dugu bertan. Gugaz egon diren haurrak bisitatu, beraien egoera ezagutu eta hurrengo urterako umeak ekartzeko familiekin elkartzen gara.