Kurutziagako Talde Feministak Beldur Barik saria irabazi zuen aurreko barikuan, ‘Handitan’ film laburrari esker (egin klik izenburuan laburmetraia ikusteko). Ideia bat finkatu, horren inguruan gidoia eraiki, grabaketa eta editatu; ez da gutxi egindako lana. Hainbat jolasordu behar izan dituzte lana osatzeko, baina merezi izan du. Mezua argi zegoen: “Libre izan nahi dugu”. Eta mezu hori helaraztea lortu dute. Horrek asetu die gehien. Beraiegaz egin dugu berba.
Irabaztea espero zenuten?
Ez, sorpresatxoa eraman genuen, nahiz eta bagenekien laburmetraia ona zela.
Nola antolatu zenuten bideoa grabatzeko modua, nork antzeztu…?
Dokumentu bat sortu genuen, eta bertan bakoitzari bururatzen zitzaion ideiak idazten hasi ginen, ‘brainstorming’ tankerako bat egin genuen, alegia. Azpitaldeak egin genituen, gidoia osatzen joateko, zati bakoitzean zer, non eta zelan egin pentsatuz. Azpitalde horiek egin genituen, eszena bakoitza antolatzeko. Gero eszena horiek grabatzerakoan, azpitalde bakoitzak diseinatutako eszenan zeraman kontrola.
Zelan pentsatu zenuten zuen mezu nagusia?
Denon artean pentsatu genuen. Hainbat ideia atera ziren eta guztiak lotu genituen, eta denok geunden ados bakoitzak esaten zuenagaz, mezu nagusi hura borobilduz.
Zenbat denbora kosta izan dizue?
Jolasordu batzuk bai… eta edizioan ere denbora asko igaro zuen Erika Lagomak (irakaslea).
“Aurrerantzean mikromatxismoen gaiari heldu gura diogu, esaterako”
Ingurukoek zer esan dizuete?
Zoriondu gaituzte, esan digute gustatu zaiela eta guk transmititu gura genuen mezua haiei iritsi zitzaiela. Mezua iristea zen gura genuena, horrek pozten gaitu.
Azaroaren 25ean ere aritu zineten lanean, orain aurrera begira zer egiteko asmoa duzue?
Aurreko barikuan kartelak eta abarrak egiten eta jartzen aritu ginen, eta aurrerantzean ere gauzak egiten jarraitu gura dugu. Esaterako, mikromatxismoen gaiari heldu gura diogu.
Zer egingo duzue sariagaz?
Ez dakigu oraindik zer egingo dugun, baina taldean zerbait prestatu gura dugu.