Kurutziagako Talde Feminista martxoaren 8a prestatzen ari da: “Jendarte honek hainbeste behar duen berdintasuna lortzeko borrokatzen jarraitzeko eguna da”

Kurutziagako Talde Feministak egin du jada urte batzuetako ibilbidea. Ikasturte hasieratik ari dira ekintza eta proiektu ugari martxan jartzen, ikastolako ikasleria mugiarazteko asmoz. Martxoaren 8a gainean dugu, eta KTF ari da horren bueltan zeozer prestatzen. Lan taldeagaz batu gara.

Martxoak 8 egun seinalatua da. Zer suposatzen du zuentzat?

Guretzat harrotasun handia da, orain gauden lekuraino iristeko, gaur egun ditugun eskubideak izateko emakumeek borrokatu duten guztia eta sufritu duten guztia ordezkatzen duelako. Jendarte honek hainbeste behar duen berdintasuna lortzeko borrokatzen jarraitzeko eguna dela uste dugu, eta noski aldarrikatu beharrekoa. 

Zer lanketa egin du azken hilabeteetan KTF-k?

Ikasturtea Beldur barik lehiaketako bideoa prestatzen hasi genuen. Aurten gure artean hitz egiteko dugun hizkera erasokorrari begiratu gura izan genion. Gure interesekoak diren gai desberdinei buruzko eztabaidak egin genituen. Ondoren martxoaren 8ari begira jarri ginen. 

Erakusketa bat prestatzen ari zarete. Zelakoa izango da erakusketa hori?

Ingurukoen kontzientziazioan eragitea dugu helburu. Aurten soldata eta genero arrakalari erreparatuko diogu gure adineko jendearentzat esanguratsua izan daitekeen esparruetan: kirola, bideo-jokoak, hezkuntza, unibertsitate ikasketak… Ikasleek ikusteko moduko lekuetan jartzen ditugu euskarriak, eta lekuz mugitzen joaten gara asterik aste. Gurasoek ikus dezaten ere leku egokia topatuko dugu. 

Komiki lehiaketa bat ere antolatuko duzue. Zein izango da formatua?

Komikia egiteko biñeten formatua guk eman diegu eta hiru gai planteatu ditugu. LH6, DBH1 eta DBH2ko ikasleriarentzat antolatu dugu. Maila bakoitzean gai desberdin bat jorratuko dute: Kulturan eta zientzietan ekarpenak egin dituzten emakumeak, emakume kirolariak eta zaintza balioan jartzen duten istorioak. Lehenengo urtea da eta urterik urte lehiaketa egonkortzea gura genuke. 

Ikasle zareten aldetik, zelan bizi duzue gaur egungo egoera ikuspuntu feministatik? Aldaketarik somatu duzue?

Gure ustez aurrera pausoak ematen ari gara, ez gara bizi gure amamak zeuden testuinguru berean. Gero eta kontzientzia feminista handiagoa daukagu, badakigu diskurtso politikoki zuzena zein den, baina, egunerokoak, bizipenek, erakusten digute asko dagoela egiteko.