Kurutziaga Ikastolak Competent STEM School Label titulua lortu du. Europako ikastetxeetan alor zehatzetan egiten den lan pedagogikoari aitortzen zaion titulua da. Amaia Gutierrez Euskal Herriko Ikastoletako kidea da, eta Erramun Martiarenagaz batera, Kurutziagak titulu hori lortzeko bidean parte hartu du. STEM gaiek duten garrantziaz eta Kurutziagaren prestakuntzaz egin dugu berba Gutierrezegaz.
Zer da STEM School Label?
STEM School Labela (ikastetxeetako zientzia-teknologia ikasarloen gaitasun-zigilua) European Schoolnet-en baitako Scientix-en ekimena da. Hain zuzen, STEM gaietan Europako ikastetxeen lan pedagogikoa diagnostikatzen laguntzeko, aitortzeko eta bikaintasuna bultzatzeko ekimena da berau.
Zein izan da prozesua? Zer egin behar izan du ikastolak?
Ekimena Europako sei lurraldetan gauzatu da, Euskal Herria barne. Bruselako lan-taldeagaz eta Ikastolen Elkarteko Scientix enbaxadorea den Erramun Martiarenaren gidaritzagaz bideratu da zertifikazio prozesua. Hiru atal izan ditu prozesuak: antolaketa, ebidentziak eta azken galdetegia.
Antolaketa ezinbestekoa izan da urrats guztiak ondo bideratzeko, eta batez ere, epeak betetzeko. Lan handiena, ebidentzia egokien bilaketan egon da. Ikastolen Elkarteagaz batera, labelak definituta dituen zazpi eremuetako ebidentziak bildu eta beraien plataformara igo behar izan ditugu. Kontuan hartu behar da prozesu osoa ingelesez egin dela, hau da, ebidentzia guztien azalpenak zein bukaeran egin beharreko galdetegia ingelesez egin da.
Beraz, ikastolako hainbat eremuen azterketa egiteko baliagarria izan zaio ikastolari.
Aipatu bezala, zazpi eremuetako azterketa egin da. Ikas-irakaskuntza prozesua, curriculum ezarpena, ikaskuntza ebaluazioa, ikastetxearen azpiegitura, lidergoa, harremanak eta hezitzaileen profesionalizazioa. Aukera paregabea izan du ikastolak arlo horietan guztietan azken urteetan egindako berrikuntzaz hausnartzeko eta STEM ikuspegia ulertzeko.
Ikastolen Elkarteak lau ikastoletan bideratu du prozesua lehen pilotaje honetan. Guztiekin egindako hausnarketak maila indibidualean ez ezik kolektiboari ere ekarpen handia egin dio. Azken turteetan, lau ikastoletan izandako arrakastak, azken ikasturteetan bai berrikuntza pedagogikoetan bai STEMarekiko hartutako konpromisoak berretsi egin ditu, eta etorkizunari begira garatu beharreko urratsak identifikatzen lagundu digu.
Zer suposatzen du ziurtagiri hori lortzeak?
Ebidentzia pedagogikoak sakon baloratu ostean, ziurtagiria lortzeko beharrezkoa den puntuazioa lortu izanak azken urteetan ikastolak aurrera eraman dituen proiektu ugariri eginiko aitortza bat suposatu du. Ziurtagiri guztiek poztasuna ematen dute, eta pozik gaude egindakoaz. Honez gain, aurrera jarraitzeko indarra ematen du.
Zergatik erabaki zuen Ikastolen Elkarteak Kurutziagarekin apustua egitea?
Lehen fasean argi geneukan lurralde desberdinetako lau ikastolekin egin behar genuela pilotajea. Ikastola guztiak ari dira STEM lantzen eta, hobetu beharrekoak egon arren, gaia apurka-apurka ondo bideratzen ari garela iruditzen zait. Baina, aukeraketa egin behar genuenez, prozesuko baldintzak ziur betetzen zituzten Ikastolen Elkarteko ekimenetan (Ekimaker, ebaluazio hezitzailea…) parte hartu izana jarri genuen mahai gainean.
Ekimaker proiektua Kurutziaga ikastolan gauzatzen ari garen STEM ekimena. Zer eskaintzen dio ikasleari Ekimakerrek?
Ekimaker ekimenak STEM (Science, Technology, Engineering and Maths) arloetan izaera ekintzaileko jarrerak indartzen ditu. Heziketa maila ezberdinen arteko kooperazioan oinarritzen da. Lehen hezkuntzako ikasleak ideia sortu, DBHkoak maketatu eta Lanbide heziketakoak prototipatu. Nagusiki hurrengo ardatzetan oinarritzen da: Hasieran, izaera teknologiko/ingeniaria duen proiektu baten garapen osoan partehartzeko aukera dute ikasleek. Bukaeran, emaitzaren sozializazioa egiten dute eta tokiko hezkuntza komunitateari aurkezten diete lana.
Zein garrantzitsua da gazteentzat zientzia, teknologia, ingenieritza eta matematika uztartu eta ikasketa prozesuan bateratzea?
Oso garrantzitsua da oinarrizko konpetentziak modu integratu batean garatzen direlako eta horrelako ekimenek ikasleak ahaldundu egiten ditu, gizartearen erronkei arduraz aurre egin diezaien. Egoera errealak, hurbilak eta nahietatik sortutakoak dira. Sormenetik abiatuta, eta garrantzia handia emanez, diseinuari eta problemak ebazteari ekiten diote enpresetako ingeniaritza sailetan egiten den legez.
Zeintzuk dira hurrengo urratsak?
Lanean jarraitu behar dugu, elkarrekin, ikastolon ezaugarri zientifiko-teknologikoak azpimarratzen eta konpetentzia zientifiko-teknologikoaren ezaugarriak lantzen, bere osotasunean eta esparru guztietan. Ekimen berriak diseinatzen ari gara eta lehen pilotaje honetan ikasitakoagaz STEM School label-a beste hainbat ikastoletara zabalduko dugu. Sarea ehuntzen jarraitu dezagun!