Koldo Tellitu Euskal Herriko Ikastolak elkarteko lehendakaria da. Azkeneko asteotan ikastola batetik bestera dabil Ikastolen VII. Biltzarra izango dena prestatzeko lanetan. Kurtziaga Ikastolan izan zen joan den astean Ikastolen Elkartetik egiten den hausnarketaren berri eman eta eskualdekoikastlen artean dauden kezkak jasotzen.
Euskal Herriko Ikastolen VII. Biltzarrera begira ari zarete lanean. Zeintzuk dira biltzar horri begirako asmoak?
VI. Biltzarra egin genuenetik hamaika urte igaro dira. Hamaika urte badira urte batzuk, eta iruditzen zaigu geldiune baterako momentu aproposa dela. Zergatik? Denbora honetan guztian gizartea asko aldatu delako, baita gizarteak hezkuntzari eskatzen diona ere. Horrexegatik, gure iritzia da Ikastolak zer diren eta bere herriari zer eskaini behar dioten hausnartzeko momentu egokia dela.
“Lehenengo ikastolei entzun gura diegu, zer kezka eta zer premia dituzten, zein diren bakoitzaren lehentasunak…”
Biltzar horrek badauka datarik?
Badarabiltzagu epe batzuk buruan, baina oraingo honetan erabaki dugu prozesua atzekoz aurrera egitea. Lehenengo ikastolei entzun gura diegu, zer kezka eta zer premia dituzten, zein diren bakoitzaren lehentasunak… Entzun eta ezagutu. Horretarako behar den denbora hartuko dugu eta horren arabera izango da biltzarra lehenago edo beranduago.
Edozelan ere, Euskal Herriko ikastolek izango dute egoera orokorraren irakurketa bat.
Jakina. Guk azkeneko hamarkadaren balorazioa dakargu, baita egungo egoeraren erradiografia bat ere. Etorkizuneko erronkak non egon daitezkeen ere sumatzen dugu. Hori guztiori ikastolaz ikastola kontrastatu gura dugu.
“Ez gara titularrak eman zaleak baina gure irakurketa da euskararen egoera alarma gorriko egoera dela”
Kontraste hori erabat eginda ez badago ere, zeintzuk dira etorkizunera begira aurreikusten diztuen erronka nagusiak?
Bat euskararen egoera da. Ez gara titularrak eman zaleak baina gure irakurketa da euskararen egoera alarma gorriko egoera dela. Sarritan esaten da hezkuntzaren euskalduntze prozesuak etengabe gora egin duela baina hori ez da guztiz horrela. Orain hamar urte geldiune bat ikusten hasi ginen, eta azkeneko bi urteetan esan daiteke beherakada bat dagoela.
Beherakada?
Azken ebaluzio diagnostikoak hori adierazi du. Eta ez gara erabilerari buruz bakarrik ari. Ezagutza bera ere arazo bihurtzen ari da. Ebaluzio diagnostiko hauek LH4n eta DBH2n egiten dira eta emaitzak benetan arduratzekoak dira. Ikastolak ez diren ikastetxeetan D ereduari eta B ereduari dagozkion emaitzak oso antzekoak dira, adibidez. Eta ikastolei dagokigunez ere, emaitzak ez dira batere onak. Beraz, egoera larria da eta horri, bai ala bai, heldu behar diogu.
Jaiotza tasaren jaitsierak, kezka iturri orokorra izateaz gain, hezkuntza mundua bete betean harrapatzen du.
Jaiotze tasak eragin itzela du hezkuntza proiektu asko kolokan jartzen dituelako. Bestalde, badago beste faktore bat ikasgeletako argazkia aldatuko duena. Jaiotze tasa behera doa eta atzerritik datozen ikasleak gero eta gehiago dira. Kurutziaga bera, adibidez, inoizko kopururik handiena jasotzen ari da azkeneko urteetan, eta ondo etorriak dira denak ikastoletara. Ikasle hauetako gehienak euskara eta euskal kulturaren ezagutza barik datoz eta horrek bestelako estrategia batzuk martxan jartzera behartzen gaitu.
Badago estrategiaren bat atzerriko ikasleak eskolaratzeko orduan?
Hainbat proiektu ari gara lantzen. Bat, euskararekin lotua dagoena, Elaire izenekoa, aurkeztu genion Eusko Jaurlaritzari. Ez da guk bakarrik aurrera eroan gura dugun proiektu bat, ezpadaze, erakunde eta ikastetxe ezberdinen artean. Ikasturte honetan jarri gura genuen martxan zazpi udalerritan baina ez da aurrera joan jaurlaritzako arazo administratiboengatik.
Zer da Elaire proiektua?
Proiektu honek hezkuntzako agenteak eta udalak hartzen ditu kontuan. Udalerriek baldintza batzuk bete behar zituzten eta bat, udalerri horretan hiru sareetako eskolak (publikoak, ikastolak eta kristau eskolak) izatea eta hiru sareek batera lan egitea. Hainbat euskaltegirekin ere jarri ginen harremanetan. Helburua? Ikasle etorri berriek euskara ikasteko orduak izan ditzatela eskola orduetan ikasgelara doazenean hizkuntzan trebatuago egon daitezen. Bide batez, hiru sareetakoak elkarrekin egonez, harreman sareak osatzen ere lagunduko du. Katalunian egin dira halako esperientziak eta emaitza onak eman dituzte. Momentuz administrazio mailan geratuta dago baina guk badugu aurrera eroateko asmoa.
“Formula berriak bilatu beharko ditugu jendearen ekarpena motibagarriagoa izan dadin”
Hainbat ikastolatan presente dagoen beste gai bat familien parte-hartzearena da. Zuek ere agertzen duzue kezka hori, ezta?
Hausnarketa sakona eskatzen duen gaia da parte-hartzearena, berez, gure noratsunean doan gaia delako. Jakitun gara gizartea asko aldatu dela eta ez direla ikastolak bakarrik parte-hartzearen beherakada sumatzen ari garenak. Zer egin? Bada, formula berriak bilatu beharko ditugu jendearen ekarpena motibagarriagoa izan dadin. Beharbada kontua ez da zapatu bat auzolanean pasatzea eta gehiago da guraso bakoitzari bere alorretik ekarpena egiteko modua eskaintzea. Hainbat ikastolaten martxan daude halako esperientziak. Kurutziagan ere ari zarete Guraso Ordezkariaren figurarekin… Gure ezaugarri bat den heinean sakon aztertu behar ditugu bide guztiak. Esan bezala, gizartea aldatzen ari da eta guk ezin diogu horri itzuri egin.
Zeuk esan duzu gizartea aldatzen ari dela eta badaude, zorionez, orain hamar urte presente egongo ez ziren gaiak ere erronka berrien artean?
Hezkidetza da horietako bat. Orain hamar urte zuen presentziak eta orain duenak, zorionez, ez dute zerikusirik. Geroz eta kontzientzia handiagoa dago gaiaren inguruan. Eskolako jazarpenari ere beste modu batean begiratzen eta erantzuten diogu orain.
Larrialdi klimatikoaren gaia ere hor dago, Agenda 21 delakoa hor izan dugu beti baina lehen lerroko gaia da gaur egun.
Segurtasun digitala, internetdun gailuen erabilera… Azken aldian interes handia pizten ari dira.
Dudarik gabe. Gaiak ertz asko ditu. Segurtasunean edo harremanetan izan dezakeen eraginaz gainera, guk beste leku batean ere jarri gura dugu arreta: konektibitateak sare globalera lotu gaitu eta unibertso horretan euskararen eta euskal kulturaren presentzia oso txikia da. Ur handiak dira baina derrigorrean kontuan hartu beharrekoak.
“Kooperatiba garen neurrian autonomia hori daukagu. Badaukagu eta erabili egiten dugu”
Sarritan azpimarratzen dugu ikastolen kooperatiba izaera. Alde horretatik ere bada hausnarketarik?
Badago bai. Horri lotuta interkooperazioaren ideia azpimarratuko nuke. Zer esan gura dut? Askotan ez garela ohartzen, gure eskualdeetako ekonomian dugun eta izan dezakegun eraginaz. Adibide bat jartzearren: ikastolako jantokirako jeneroa inguruan edo kanpoan erosi erabakitzen duguenean eragin handia du. Nori erosten diogun, zer erosten dugun… Energia kontratatzerako orduan beste hainbeste. Hor kokatuko nuke, kasurako, ikastolek Goiener kooperatibarekin sinatutako hitzarmena.
Kooperatiba garen neurrian autonomia hori daukagu. Badaukagu eta erabili egiten dugu. Hor dago gakoa. Ez gaude gure zilborrari begira.
Ikastolak Euskal Herri mailako sare bat izatea abantaila da zentzu horretan ere?
Zentzu horretan eta guztietan. Benetako sare bat gara. Askotan hitz egiten dugu gure Elkartasun Kutxaz saretzearen adibide ageriko bat delako. Baina ikastolen elkartasuna eta saretzea beste hamaika eratara ere ematen da. Ohikoa da ikastola bat zerbaitetan nabarmentzen bada gainerakoak hura ezagutzera joatea eta ezagutza konpartitzea. Iparraldeko eta hegoaldeko ikastolen arteko harremanak ere geroz eta ugariagoak dira…
Euskal Herri osorako proiektu pedagogiko bat daukagu, geure ikasmaterial propioa sortzen dugu… Ertz askotatik eusten zaion sarea da gurea.
“Euskal Herriarentzat bestelako hezkuntza sistema bat eraiki behar dugu beste eragile batzuekin batera”
Eta zein da ikastolen sarearen osasuna gaur egun?
Bada, harrokeriarik gabe, baina esan dezakegu mugimendu indartsua garela. Ez bakarrik ekonomikoi edo sozialki. Euskara edo euskal kulturari dagozkion gaietan ikastolak hor daude beti. Askok jotzen dute gure atean eta gure atea beti dago zabalik hitz egiteko, hausnartzeko, ekiteko…
Bide handiak ez dira bakarrik egiten eta guk garbi daukagu Euskal Herriarentzat bestelako hezkuntza sistema bat eraiki behar dugula beste eragile batzuekin batera. Ez du zertan gure eredua izan, baina argi dugu gaur egungo eredu publikoa ere ez dela. Elkarlana ezinbestekoa da eta gu prest gaude. Eraikitzen jarraitzeko borondate osoa daukagu.