Urko Rodriguez (Kurutziagako Zuzendari gerentea)
Hasi gaitezen hasieratik: bai, egoera kezkatzeko modukoa da. Azken hamar egunotan bi ikasgela bidali ditugu etxera, hainbat ikasle daude konfinatuta familekin batera, eta dozena bat langile ere etxean izan dira. Irailetik abendura gertatu ez zena oraintxe ari da gertatzen. Ez dago erraz egoera hau kudeatzen.
Eta eskerrak eman beharrean nago. Egunokin sarri suertatu zait Osakidetzara deitu edo idatzi beharra. Beti jaso dut erantzun bat, aholku bat, edo nola jokatu behar dudan adierazten didan bide-orri bat, baita igandez deituta ere. Ez dakit nor den telefonoaren bestaldean dagoena, baina eskerrik asko!
Baina ez daukat ezezagunengana jo beharrik eskerrak ematen jarraitzeko. Ikastolan bertan, irakasle, idazkari, jantokiko langile, zuzendaritzako kide, informatikari, mantenuko, Artezkaritzako… Birusak ez du jai hartzen asteburuetan, eta zuek ere beti hor, familiak eta ikasleak abisatzeko prest, klaseak prestatzeko gertu… Eskerrik asko.
Gurasooi ere eskertzen dizuet zuen ulerberatsuna. Hartu beharreko neurriak aldatuz doaz, kasuistikak mila dira, ikasleak etxeratzeak hankaz gora jartzen du sarri lanaren eta zaintzaren arteko oreka zaila… Baina bizi dugun egoera honi komunitate legez aurre egitea beste aukerarik ez dugu. Arduratsu jokatu behar dugu, geure buruekin, geureekin eta gainontzeko familia eta lagunekin. Kolektiboan pentsatzeko garaia da.
Kezkagarria da egoera, bai, baina bestela izan dadin lanean diharduen jendea daukagu, zaituztegu, inguruan.
Eskerrik asko guztioi!