Oskar Alberdi (Kurutziaga Ikastolako Kirol Batzordeko kidea)
Eskola Kirola: behar-beharrezkoa
Pasa den martxotik hona, pandemiari aurre egiteko neurriak hasi zirenetik, gure egunerokoa asko aldatu da. Hasiera batean etxean konfinatu gintuzten eta, halabeharrez, eskola-kirola bertan behera gelditu zen. Ikasturte berri honetan, eskola-kirola neurri zorrotzekin martxan jarriko zela ematen zuen, eta Ikastolak ondo antolatuta zituen horiek guztiak. Alabaina, azken neurrien ondorioz, berriro ere eten da.
Gure gaztetxoentzako, eta baita nagusientzako ere, ezinbestekoa eta behar-beharrezko da jarduera fisikoa egitea. Hori egin ezean gaixotasun asko izateko aukera asko handitzen baita. Gainera, eskolaz kanpoko ekintzetan, jarduera fisikoa egiteak onura asko dituela ere jabetuko dira: norbere mugak ezagutzea, ahaleginaren ondorio positiboak ezagutzea, sozializatzeko aukera paregabea topatzea… Beraz, ez egitea benetako kaltea da, dudarik gabe.
“Ulergarria da ez lehiatzea, baina segurtasun neurri guztiak ganoraz beteta, eskola-kirola ez da arriskutsua eta gainera gure gaztetxoei mesede handia egiten die”
Ikastolak eskola-kirola egiten hasteko Foru Aldundiak ezarri zituen neurriak lehenengo egunetik zorrotz bete zituen: maskararen erabilera, talde txikietan entrenatzea… Baina, azkenean, bertan behera uztea erabaki dute. Ulergarria da ez lehiatzea, baina segurtasun neurri guztiak ganoraz beteta, eskola-kirola ez da arriskutsua eta gainera gure gaztetxoei mesede handia egiten die.
Arrazoi horiek guztiak kontuan hartuta, eskola-kirola berriro martxan jartzearen aldekoa naiz, hartu beharreko neurri zorrotzekin, jakina. Hala azaldu da baita Euskal kirol Federazioen Batasunak (EKFB) ere kaleratu duen agirian. Espero dezagun, beraz, gure gaztetxoak berriz martxan jartzea lehenbailehen.