Iker Gómez de Segura Solis ordiziarra da 2019ko irailaz geroztik Ibaizabal Ikastolako zuzendaria. Atzo izan zuten batxillergoko ikasleei begirako Ateak Zabalik jardunaldia, egoerak hala behartuta on-line egin behar izan zutena (matrikulaziorako izen-ematea maiatzaren 11tik 22ra)
Hasteko, azaldu iezaguzu zein den Ibaizabal ikastolaren jatorria?
Sei ikastolaren lankidetzaren emaitza da Ibaizabal ikastola. Talde-lanak hobeak eta indartsuagoak egiten gaituela erakusten duen adibide argia da. Kurutziaga Ikastolaz gain, Elorrioko Txintxirrik, Galdakaoko Eguzkibegik, Ondarroako Zubi Zaharrek, Lekeitioko Azkuek eta Zornotzako Andramarik elkartu zituzten indarrak Ikastolen ereduari Batxilergoaren adarra eransteko Durangaldean. 1999. urtean hasi zen lehenengo promozioa. Gaur egun 230 ikasletik gora ditugu batxillergoan (55 lanbide heziketan, eta 65 ez arautuko ikastaro profesionaletan).
Batxillergora begira, hori izango dute buruan Kurutziagako DBHko ikaslek eta familiek, zein da Ibaizabal ikastolaren eskaintza?
Batxilergoari dagokionez, Giza eta Gizarte Zientziak eta Osasun nahiz Teknologia arloko zientziak dituzte aukeran gurera datozen ikasleek.
Kurutziagatik ikasle askok jotzen du Ibaizabalera batxillergoa egitera. Ikasle horien aparteko jarraipenik egiten da?
Ikasturtero, ekainean, jatorri-ikastolaka antolatu (kasu honetan Kurutziaga) eta baloratzen dira ikasleen emaitzak, indar-guneak eta hobetu beharrekoak identifikatzeko. Era berean, urtarrilean, Kurutziagako eta Ibaizabaleko talde pedagogikoek kontrastea egiten dute ikasleei ibilbide akademikoaren inguruan emandako gomendioak eta joerak errepasatzeko. Jarraipena ziurtatuta dago, beraz.
“Gertuko ikastola gara, familia-giroko ikastola txikia. Horrek posible egiten du harreman estuagoa izatea bai ikasleekin eta baita familiekin ere”
Ibaizabal ikastolak baditu ezaugarri bereizgarri batzuk.
Gertutasuna aipatuko nuke lehenik. Gertuko ikastola gara, familia-giroko ikastola txikia. Horrek posible egiten du harreman estuagoa, komunikazioa zuzenagoa eta informazio joan-etorri gardenagoa izatea bai ikasleekin eta baita familiekin ere.
Gertutasun horrek zer eragin du alor akademikoari dagokionean?
Gertutasun hori maila akademikora ere eramatea ezinbestekoa da, noski. Horregatik, errefortzuak eta orientazioa jasotzen dituzte gure ikasleek etapa garrantzitsu honetan bakardadea barik, bidaideak lagun dituztela senti dezaten. Ikasgaien aukeragarritasuna handitzen zaie, ebaluazio oro emaitzak hobetzeko aukera dute, errefortzuak antolatzen dira ikasleak ahulen dabiltzan ikasgaietarako…
Selektibitatea (USE) prestatzeko saioak ere egiten dira ikasle-talde txikitan. Orientazioa ematen zaie erabakiak hartzeko etapan (adituekin, ikasle ohiekin, bisitak beste zentroetara, azokak, tailerrak, familientzako orientazio-hitzaldiak…) eta tutoreak ikasleengandik eta familiengandik gertu egon daitezen saiatzen gara. Eta bai ederki eskertzen dutela arreta indibidualizatu hori!
“Ikasle euskaldun eleaniztunak dira Ibaizabal Ikastolatik prestatuta ateratzen direnak”
Eleaniztasuna da Ibazaibal ikastolaren beste ezaugarrietako bat.
Ikasle euskaldun eleaniztunak dira Ibaizabal Ikastolatik prestatuta ateratzen direnak. Oxford azterketak egiteko zentro homologatua gara, atzerrirako ingeles-bekak ditugu eta ingelesez ematen ditugun ikasgaiak daude curriculumean. Frantsesa ere aukeran dute ikasleek, eta nazioarteko hizkuntza-proiektutan hartzen dute parte Lyongo ikasleekin batera.
Bestalde, urtero elkar-truke programa egiten dugu Iruñeko Ikastolarekin Nafarroako euskararen egoeraren berri bertatik bertara ezagutzeko. Euskara naturaltasunez bizi eta erabilaraziko dien ingurunean murgilarazi nahi ditugu gure ikasleak, eta polita da ikustea bestelako inertziak dakartzaten ikasleak nola aldatzen diren euskararen aldera gure gela eta espazioetako euskalki desberdinen saltsan.
Zuzendariak, normala denez, berba onak ditu bere ikastetxearentzako. Zer diote, baina, familiek eta ikasleek?
Ados, azken batean haien iritzia da benetan ardura duena, Bada, azkeneko ikasturteko asebetetze-galdetegiari emandako erantzunen arabera, ikasleek 7,88ko nota eta familiek 8,51koa eman diote Ibaizabal Ikastolari. Ez dago gaizki, ezta?
Ez horixe! Bukatzeko, elkarrizketa honetan batxillergoko ikasketetan zentratu gara, abtez ere, baina Ibaizabalek badu bestelako hezkuntza eskaintzarik, ezta?
Bai, batetik, Lanbide-heziketan, Goi-mailako Zikloa dauka Haur Hezkuntzan; ongi posizionatuta sektorean. Eta, bestetik, lanerako formazioa edo titulu profesionalak eskaintzen ditugu irakaskuntza ez arautuan.