Ibaizabal ikastolak laster zabalduko du aurrematrikula egiteko epea, martxoaren 27an hain zuzen ere.
Honen inguruko informazio eta beharrezko azalpenak jasotze aldera, honako bilera hauek antolatu ditugu:
- Ikasleentzako bilera: Martxoaren 13an, eskola orduetan.
- Familientzako bilera: Martxoaren 14an, Kurutziaga Ikastolan, 17:00-18:30
- Familientzako ate irekiak: Martxoaren 22 eta 23an.
Hori dela eta, bertako kideak, bertako egunerokoa eta bertako hezkuntza modeloa ezagutzera hurbildu gara. Bertan jaso gaituzte Ibaizabaleko hainbat kidek, eta elkarrizketa txiki bana egin diegu bakoitzari.
Oihane Ozamiz Uriarte – Batxilergoko ikasketa burua eta irakaslea
“Hezkuntza proiektu integrala eskaintzen dugu Ibaizabalen, non alde batetik prestakuntza akademikoa eskaintzen dugun eta bestetik bizitzarako prestakuntzari ere garrantzia handia ematen diogun”
Zer helburu jarri ditu Ibaizabal ikastolak epe laburrera?
Arlo akademikoari begira, Ibaizabal ikastolaren helburu nagusienetako bat eskaintza akademiko gaitua eskaintzea da, ikasleak bizitzarako ondo prestatuta ateratzeko.
Berrikuntza pedagogikoa ardatz, konpetentzietan oinarritutako metodologian oinarritzen gara. Ikasle bakoitzaren gaitasunak muturrera eramateko lanketa egiten dugu. Horretarako irteera profilaren lanketa egiten dugu, hezkuntzaren osotasuna eta etorkizuneko eskakizunak kontuan hartuta, etapa amaitzen dutenerako, ikasleengan zer gaitasun eta ezaugarri garatzea nahi dugun, alegia.
Hezkuntza proiektu integrala eskaintzen dugu Ibaizabalen, non alde batetik prestakuntza akademikoa eskaintzen dugun eta bestetik bizitzarako prestakuntzari ere garrantzia handia ematen diogun. Zertarako? Azken finean bizitzarako eta jendartean parte hartzeko prestatutako pertsonak hezteko; pertsona euskaldun eta euskaltzaleak, kritikoak, hezkideak, autonomoak eta ekintzaileak.
Zer eskaintzen du Ibaizabal ikastolak hezkuntzaz harago?
Irteera profil hori aurrera eraman ahal izateko argi dugu jarduera akademikoagaz ez dela nahikoa. Eta beraz, eskaintza akademikoaz gain, Ibaizabaleko jarduerak badu pisu garrantzitsua gure ikastolan, ikasleen irteera-profilaren ezaugarriak lantzeko aurrera eramaten ditugun ekimen desberdinetaz ari naiz, ikastolako bizitzaren eta etapa bakoitzerako esperientziaren aberasgarri. Ekintza hauek: ateneoetan, hizkuntza-proiektuan, hezkidetza-proiektuan, antzerki taldean, kultura-proposamenetan, auzolanetan, jaialdietan, irteeretan, gai zehatzen gaineko lanketa berezietan… oinarritzen dira.
Eguzki plakak ere jarri dituzue. Zeri erantzuten dio horrek?
Lan pedagogikoan oso interesgarria da ikasleen hezkuntzan eta ikuspuntuan energia berriztagarriak gehitzea. Ez bakarrik energia berriztagarriei buruz ikasiko dutelako, baita etorkizuna eraikiko dutelako eta energia berriztagarrien filosofia txertatuta izango dutelako ere. Beraz, hitzetatik ekintzetara pasatzeko modu hobeagorik ez dagoela sinistuta, pausu hori ematera animatu ginen.
Zelan parte hartu dezakete, bazkide diren heinetik, ikasle eta familiek?
Familiaren eta eskolaren arteko harremanak beharrezkoak izateaz gain, onuragarriak dira ikaslearen garapen maila guztietarako; fisiko, emozional eta sozialerako, baita garapen kognitiborako ere. Beraz, zubiak eraikitzea ezinbestekoa ikusten dugu. Familia eta ikasleen artean dugun komunikazioa ezinbestekoa da beraz, zubi lan horiek eraikitzeko.
Gainera, Ibaizabalen komunitate-izaerari garrantzia ematen diogu, ikastola kooperatiba dela kontuan izanik eta bera osatzen duen hezkuntza-komunitate osoaren parte-hartzeak gure filosofiagaz bat egin eta berau indartzen duelako.
Ikastolaren izaera parte hartzailea eta herrikoiari eusteko hainbat figura ditugu; artezkaritza kontseilua eta familia ordezkariak. Eta ekintza ugari burutzen ditugu; auzolanak, Guka-txosna, Errigorako kanpaina, Seaskagaz elkarlana…
Izaskun Dominguez Obieta, Biologiako eta Anatomiako irakaslea
“Akademikoki ondo prestatzeaz gain, orientazioa lantzea eta pertsona moduan balio erantsiak eskuratzea du helburu”
Ikasleekiko zer helburu du batxilergoko irakasle batek?
Batxilergoa etapa erabakikorra da goi mailako ikasketetarako bidean, eta akademikoki ondo prestatzeaz gain, orientazioa lantzea eta pertsona moduan balio erantsiak eskuratzea du helburu. Arlo horien guztien arteko oreka bilatzen, bidelagun izatea da gure lana.
Zelako hezkuntza mota proposatzen du Ibaizabal Ikastolak?
Batxilergoko etapa izanik, zaila da batzuetan USEko (Unibertsitatera Sarbideko Ebaluazioa) presio hori kontuan ez izatea. Sistemak berak ez du gehiegi laguntzen konpetentzietan enfasia jartzeko. Bigarren mailan batez ere, USErako prestatzen dugu ikasleria eta horrek batzutan muga batzuk ekar ditzake ikasgaiak prestatzerako orduan.
Hala ere, ikasleak etorkizunerako ondo prestatuta irtetzeko helburua dugunez, erronketan oinarritutako metodologian aspaldi sartu ginen, konpetentzietan oinarritutako pedagogia-sistemaren barruan, ezinbestekoak dira ikasleekin ikasgaietan lantzen ditugun erronkak (diziplina bakarraren barrukoak zein diziplina artekoak).
Zelakoa izaten da irakasle-ikasle harremana? Zelakoa izan behar du?
Aipatu bezala, ikasleen bidelagun gara etapa labur horretan eta, Ibaizabal ikastola txikia denez, irakasle-ikasle arteko harremana oso gertukoa da. Talde txikietan egiten diren errefortzuek, eskolaz kanpoko ekintzek… harreman horiek sendotzen dituzte eta ikasleak gustura sentitzen dira egoera horretan. Giroa segurua eta atsegina bada, akademikoki ere nabaritzen da. Ezta bikote? (Olaia eta Enekori zuzenduta)
Olaia Urkidi Lopez de Mendoza eta Eneko Egia Sarraoa – Batxilergoko 1. mailako ikasleak eta Kurutziagako ikasle ohiak
“Ikasturte hasieran egiten den harrera plana, lehen egunetan dinamika ugari eta oso aberasgarriak egiten ditugu elkar ezagutu eta lehen harremanak sortzen hasteko”
Zer nabarmenduko zenukete Ibaizabal Ikastolatik?
Eneko Egia: Irakasleekin hurbiltasun handia. Irakasleek ikasle guztiak ezagutzen dituzte eta harremanak hurbiletik bizi dira. Gainera, akademikoki errefortzuak oso positiboki bizi ditugu.
Olaia Urkidi: Laguntasun handia dago irakasleen aldetik, baita ikasleen aldetik ere. Talde ugari daudenez, Eko-eragileak, esaterako, bertan parte hartzen dugunok gure gelakide ez den ikasleak ere ezagutzeko aukera bikainak ditugu. Ibaizabalen erabakiak amankomunean hartzen dira, irakasleek erabaki asko hartzen dituzte, eta guk ere bai. Ikasleok gure iritzia emateko aukera dugu, eta gainera kontuan hartzen dela ikusten da, bozketen bitartez, esaterako.
Zelan laguntzen du ikastolak herri desberdinetako ikasle berrien arteko ezagupenean?
E.E: Lehen momentutik harremanak eraikitzen hasten gara. Ikasturte hasieran egiten den harrera plana, lehen egunetan dinamika ugari eta oso aberasgarriak egiten ditugu elkar ezagutu eta lehen harremanak sortzen hasteko. Izenak ezagutzeko ere bai (barreka).
O.U: Ez ditugu soilik Ibaizabaleko ikasleak ezagutzen, hainbat herritako jende asko ezagutzen dugu, ikastolakoak izan edo ez, klasekideen kuadrilakoak ere ezagutzen ditugulako. Azken finean jende asko ezagutzen dugu.
Espazioak zer aukera eskaintzen dio ikasleari?
O.U: Espazioak asko gustatzen zaizkit, lorategia eta kafetegia batez ere.
E.E: Espazio hauek gure adineko jendeaz osatuta daude eta oso aberasgarria da. Orain arte haur eta nerabeak batera egon gara eta egoera beraz, nabarmen aldatu da.
O.U: Ez dago hormarik, askeagoak ikusten ditugu geure buruak, heldutasun batetik ikusita. Eta horrek aukera gehiago eskaintzen dizkigu.
E.E: Hori da, ez duzu sentitzen muga bat duzunik.
Jaialdi bereziak ere antolatzen dira. Ikasleek ba al duzue, hezkuntzatik harago, Ibaizabalen ekimen propioak gauzatzeko eta sortzeko aukerarik?
O.U: Gaztainerre eta udaberri jaia… ene! Beno udaberri jaia oraindik ez dugu bizi izan, baina Gaztainerre itzela izan zen.
E.E: Gaztainerre batez ere egunean zehar oso polita izan zen, ikasle zein irakasle abesten, jolasten, elkarregaz espazio berdinak partekatzen.
O.U: Gainera eguna irakasle eta ikasleon artean prestatzen dugu, pregoia ikasleok botatzen dugu, eta jolasetan irakasle eta ikasleok parte hartzen dugu.
E.E: Irakasleak ezagutzeko beste modu bat da.
O.U: Ikasleon arteko harremanak asko aberasten dira holako jaialdietan.