Ainhoa Zubizarreta eta Ander Arin ikastolan kirola sustatzen ari diren monitoreetako ikasle ohi bi dira. Kirolaren baitan sustatu daitezkeen balioak (euskara, elkarlana, kidetzea) lantzen dituzte astebitarteetan hainbat haurrekin. Horri guztiari buruz egin dugu berba beraiekin.
Igartzen duzue alderik koronabirusak eragindako denboralditik aurtengora? Zertan aldatu da?
Ainhoa Zubizarreta: Koronabirusak orokorrean eragin nabarmenak izan ditu, eta hauek eskola kirolean osotasunean islatu dira. Ez dut zehaztasunez oroitzen, baina aldaketa asko jasan genituen: entrenamenduak eta partiduak kendu zizkiguten, musukoagaz entrenatu beharra zegoen, ezin zen kontaktu fisikorik eduki, taldea talde txikiagoetan banatu behar zen, etab. Gerora arau “leunagoak” iritsi ziren eta iazko denboraldian “normaltasunerantz” zenbait urrats eman genituen, esaterako partiduak itzuli ziren, baina musukoa erabiltzea derrigorrezkoa zen, jokatzen ari ziren bost jokalariek izan ezik. Beranduago musukoaren erabilera desagertu zen, eta horrela gutxinaka aurtengo egoerara iritsi ginen. Hortaz, aldeak nabariak izan direla esango nuke, baina gutxinaka izan zirenez, aurten ez dugu izugarrizko alderik sumatu. Halere, ikaragarri eskertzen da denboraldia lasai eta mugatzen gaituzten araurik barik hastea.
Ander Arin: Euren lekuan jartzen ginen eta konturatzen ginen ez zutela disfrutatzen. Horren arabera, entrenamenduak aldatzen ahalegintzen ginen.
Entrenatzaileok zer helburu jartzen dituzue denboraldi hasieran?
A.A.: Helburu bat baino, egin beharreko bat jartzen dugu: Eurak gozatzea eta ondo pasatzea. Entrenatzaileoi ez digu ardura partidu bat edo denak galtzea, eurak gozatzen duten artean. Gehiago baloratzen dugu euren artean gauzak ondo egitera edo saiatzera animatzea.
A.Z.: Denboraldi hasieran hainbat helburu finkatzen ditugu. Kirolari dagokienez, udako hilabeteetan galdutako praktika berreskuratzea, eta bestetik, gauza berriak ikasten eta barneratzen hastea. Horrez gainera, ariketa fisikoagoak ere egiten ditugu, partiduetan hainbeste nekatu ez daitezen. Azkenik, denboraldi berriari gogoz eta motibazioz eustea ere izango litzateke helburuetako bat, denok gustura sentitzeko giro bat sortzea alegia.
“Gure kasuan euskarak presentzia handia du, baina jakina da orokorrean nahiz kirolean gaztelerak euskara zapaltzen duela”
Zer behar du gazteak kiroletik adin horietan: jolastea edo jokatzea?
A.Z.: Gakoa bien arteko lotura eta oreka bilatzean dagoela esango nuke. Hau da, gehiena lehiatik kanpo ikasten den arren, lehian aritzeak ere badu bere xarma, eta honek jokalarien motibazioan eragin zuzena du. Azken finean, entrenamenduetan ikasitako guztia islatzeko aukera eskaintzen du lehiaketak, eta bai jokalariek bai guk emozioagaz eta ilusio handiagaz bizitzen ditugu partiduak. Baina era berean, lehiarik barik jolastean sortzen den giroa ere oso atsegina da, bien arteko elkarreragina bilatu behar dela esango nuke.
A.A.: Eskola kirolean apurka-apurka ikasteaz eta gauzak ondo egiteaz gain, disfrutatzea. Lehia da kirolaren atalik nagusiena baina horregaz batera haserreak datoz eta gaizki pasatzen dute jokalariek zerbait irtetzen ez zaienean. Ahalegintzea baloratzen dugu eta animoekin batera jolasagaz disfrutatzen dute. Jokatzeko aukera izango dute etorkizunean baina jolasaren bitartez ikastea aproposena dela deritzogu.
Zer suposatzen du zuentzat ikastolako talde bateko entrenatzaile izateak?
A.Z.: Niretzako asko motibatzen nauen erronka bat da, aurtengoa entrenatzaile naizen 4. urtea da eta asko gozatzen dudala konturatu naiz. Nire taldekoekin astean ordu horiek partekatzea plazer bat da, entrenamendu saioak prestatu eta jokalariei gauza berriak erakustea erronka polita da niretzat. Egia da lana eskatzen duela, entrenamenduak prestatu egin behar dira, ariketa berriak bilatu eta ikasi… baina nik pertsonalki, gustura ekiten dion entrenatzaile izateak dakarren guztiari.
A.A.: Talde baten parte garela. Talde hori hezten ahalegintzen gara modu eroso eta dibertigarri batean. Izan ere, eskola-kirola ikasteko eta ondo pasatzeko izaten baita. Horregaz batera, entrenatzaileok ere ikasten dugu jokalariekin tratatzeko unean eta bidaia polita izaten da.
“Ahalegintzea baloratzen dugu eta animoekin batera jolasagaz disfrutatzen dute”
Adin horietarako, irabazteari garrantzia handiagia ematen al diogu?
A.A.: Agian bai, ikasi dugulako irabazteagaz batera poztasuna datorrela eta galtzeagaz tristura. Garrantzitsua izango litzateke horri buelta ematea.
A.Z.: Egia da irabazteari beti garrantzia handia eman izan zaiola, nik uste dut muga gurutzatu ezean onuragarri suertatu daitekeela. Esan gura dudana da, irabaztea ezin daitekeela helburu nagusi eta bakarra izan, baina lehian aritzeak motibazioa eta ikasteko gogoa areagotzen dituela esango nuke. Adibidez, gure taldeko jokalariak jadanik partiduekin hasteko gogotsu daude. Azken finean, guk beti esaten diegu garrantzitsuena ondo jokatzea eta bakoitzak eman dezakeen guztia ematea dela, eta horrela arituz irabazten bada, garaipena ongi etorria izan dadila, baina bestela ez da ezer gertatzen. Garrantzitsuena partidua bukatzean sentsazio onekin geratzea da, eta hori ez da bakarrik irabaztean gertatzen.
Ba al du tokirik euskarak kiroletan?
A.Z.: Euskararen presentzia tokiaren eta bakoitzaren ohituren araberakoa dela esango nuke. Nik denetarik ikusi dut, euskaraz aritzen diren taldeak eta gazteleraz aritzen direnak. Gure kasuan pertsonalki, komunikazioa osotasunean euskaraz burutzen dugu: jokalarien artean, entrenatzaileen artean, jokalari eta entrenatzaileen artean, eta baita gurasoekin ere. Hortaz, gure kasuan euskarak presentzia handia du, baina jakina da orokorrean nahiz kirolean gaztelerak euskara zapaltzen duela.
Zer egiten duzue entrenamentu zein partiduetan euskara sustatzeko?
A.A.: Gauza askorik ez! Egia esan, beti ari dira euskaraz hitz egiten eta horrek asko errazten digu entrenatzaile/monitoreoi. Beraiengandik irteten da euskara. Normala da noizean behin berbaren batzuk erdaraz egitea, ikasten ari dira eta jendea entzuten badute erdaraz egiten, beraiek ere egiten dute. Momentu horretan bai esaten diegu euskaraz egiteko baina oso gutxitan izaten da, eta ez dugu arazo bezala ikusten. Jarraian euskaraz egiten dutelako.
A.Z.: Guk zorionez ez daukagu euskara sustatzeko ohituren edo tekniken beharrik, esan bezala ehuneko ehunean euskaraz komunikatzen gara eta egia esan plazer hutsa dela esango nuke. Hortaz, egunerokotasunean euskaraz berba eginda lortu dugu euskarari merezi duen tokia eskaintzea.