Hektor Orbe presidenteak lehen hiruhilabeteaz berba egin du: “Gizartea zalaparta handia sortzen ari den arren, gu ekarpenak egiteko gaudela azpimarratu behar dugu”

Ikasturtea hasi orduko gabonetan gaude jada. Lehen hiruhilekoari buruz berba egin eta ikastolak aurretik dituen erronkei buruz berba egin du Hektor Orbe presidenteak.

Zein da hiruhilabete honetan gehien heldu duzuen gaia?

Hainbat gauzari heldu arren, ikasturte honetako ardatza garatu gura den Hezkuntza Lege berria izango da, horretan ez dago dudarik.

Eta zein da gaur egungo testuingurua?

Joan zen ikasturtean, Endekalogoaren bitartez ikastolen hausnarketa jarri zen abian eta Ikastolen mugimenduak Euskal Hezkuntza Sistemak izan beharreko ezaugarriak definitu zituen, eta horregaz batera hezkuntza sistema on bateko ezaugarriak zeintzuk izan behar ziren zehaztu.

Udaberrian Hezkuntza Lege berri baterako akordioa adostu zen EAEko Legebiltzarrean eta orain lege berriaren oinarriak definitzen ari dira. Azpimarratu behar da daukagun dokumentua ez dela legea, aurre-proiektu bat baizik.

Eta momentu honetan mahai gainean duguna hau da: Zein ekarpen egingo diogu garatzen dagoen lege berri horri? Gizartea zalaparta handia sortzen ari den arren, gu ekarpenak egiteko gaudela azpimarratu behar dugu, eta ez garela hika-mikan sartuko.

Zelan egingo ditugu ekarpen horiek?

Hausnarketa bidez. Ikastolen Elkartekoek aurkezpenak egin zituzten azaroan ikastoletan eta orain ikastola bakoitzari dagokio bere hausnarketa eta ekarpena egitea. Bai klaustro maila, bai guri ikastolako erabiltzaile eta bazkide legez. Artezkaritzan gai honen inguruko ariketekin hasi gara, eta orain familiekin egin behar dugu lanketa. 

Horretarako bilerak deituko dira?

Bai, gure asmoa gurasoekin egotea da, ikastolen hausnarketatik abiatuta, gure iritzia eta ekarpena egiteko Hezkuntza Lege berri honi. Ariketa sakona da, baina gaiak landuta eramango ditugu ulerterrezak eta kudeagarriak izan daitezen. Baina partaidetza ezinbestekoa izango da Kurutziaga bezala gure iritzia plazaratzeko.

Eta zeintzuk izango dira gaiak?

Bada, lege honek jaso beharreko printzipioak zeintzuk izango diren. Esaterako, zer iritzi dugun hezkuntzaren unibertsaltasunaz, euskal kultura eta gure identitateaz, ikastetxeon autonomia zein izan behar den edota udalek zein paper jokatu behar duten hezkuntzaren kudeaketan…  Edonola ere, familiei Ikastolen Elkartetik jasotako lanketarako dokumentua bidaliko zaie. Gaian kokatu ahal izateko.

Orduan deiaren zain geldituko gara?

Hori da, familiak epe laburrean jakinaren gainean ipiniko ditugu.