Gotzone Duñabeitia: “Ikasleen, familien eta profesionalen jarrera bikaina izan da eta denek egin duten ahalegina eskertzekoa da”

Ikasturte hasiera guztiak mugituak izan ohi badira, are gehiago aurtengoa. Gotzone Duñabeitiak, (Kurutziagako Zuzendari Pedagogikoa) bazuen kezka Covid-19ak erabat baldintzatutako ikasturte honen abiatzea zelan joango ote zen. Lehenengo egunak igaro ostean lasaiago dago baina “guztiz lasai ezinezkoa da”.

Hasi da ikasturtea halako batean…

Eta ondo hasi zedin, antolaketan jarri ditugu indarrak: osasun protokoloari erantzun, sarrera-irteerak antolatu, itxaronguneak zehaztu, ibilbideak markatu… Ez da badaezpadako kontua hainbeste pertsona batzen garen ikastetxe batean.

“Jakitun gara jarraibideak konplikazio erantsi bat direla gure egunerokoan, baina hauxe da momentuz dugun antolakuntzarik onena eta, bai ala bai, errespetatu egin behar da”

Zer balorazio egiten duzu lehenengo egunotaz?

Orokorrean pozik gaude, nahiz eta badagoen zertan hobetu, noski. Ikasleen, familien eta profesionalen jarrera bikaina izan da eta denek egin duten ahalegina eskertzekoa da. Edozelan ere, aukera hau aprobetxatu gura dut gure komunitateari gogorazteko helarazi ditugun jarraibideak bete egin behar direla: sarrera-irteerak, itxaronguneak, ordutegiak… Jakitun gara konplikazio erantsi bat direla gure egunerokoan, baina hauxe da momentuz dugun antolakuntzarik onena eta, bai ala bai, errespetatu egin behar da.

Azpimarra bereziren bat egin gura zenuke?

Ikasmaila bakoitzari ordulaurdeneko tartea eman diogu geletara sartzeko. Aste honetan ikusi dugu ordutegia errespetatuz gero garaiz sartzen garela. Ordua baino lehenago etorrita lortzen dugun bakarra nahasmena da. Paperean idatzitakoa errealitatean proban jartzen ari gara eta guztion kolaborazioa ezinbestekoa da.

Ikasleak zelan ikusi dituzu?

Ikasle guztien erantzuna ona izan da, baita adin txikietan ere. Azken finean errealitate berri honen parte dira sei hilabetetik hona eta, hein batean, ohiko bihurtu da beraientzat ere. Egunak pasa ahala informazio gehiago izango dugu euren egokitzapenaz, baina esango nuke haur eta gaztetxoek harritu egingo gaituztela berriz ere.

Aurreko ikasturtean bizitakoak ere utziko zuen irakaspenik.

Ez gara zerotik abiatzen. Udan prestaketa lanetan aritu gara bai Zuzendaritza eta baita irakasleak ere euren etxetik. Zuzendaritzaren lana hiru agertoki posibleen diseinua eta antolaketa izan da. Irakasleena aldiz, hezkuntza markoaren oinarriak errespetatuz, programazioa eta helburuen eta edukien diseinuan sakontzea etor litekeenari aurre egin ahal izateko. Irakasleek hainbat formazio saio hasi dituzte alor pedagogikoan, metodologikoan, zein teknologikoan, eta horretan jarraituko dugu ikasturte osoan zehar.

Eta azkenik, telematikoki lan egin ahal izateko egitura digitala indartzeko inbertsioak egiten ere ari gara.

“Egoera bakoitzera moldatzeko gaitasuna eta azkartasuna erakutsi behar ditugu”

Beraz, ikasketak etxetik jarraitu beharra ez da baztertzen.

Argi daukagu egoera ezberdinak emango direla. Hiru agertoki ikusten badira ere, hau da, guztiok ikastolan, etxeratze oso bat, edota egoera mistoa (batzuk ikastolan besteak etxean), aurreikusten gatxena egoera misto hori da. Ezin baita jakin zein mailari egokitu ahal zaion, zenbat denbora luzatuko den… Egoera bakoitzera moldatzeko gaitasuna eta azkartasuna erakutsi behar ditugu.

Kutsatzeetaz ari garenean, sarritan, umeak eta gaztetxoak izaten ditugu buruan, baina irakasleak ere izan daitezke…

Jakina! Horregatik premiazkoa da lan-poltsa indartzea. Era berean, irakasle hasi berriak ere prestatu eta formatu egin behar dira. Bagabiltza horretan ere.

“(Kurutziagako Covid-19 lan-taldeaz) Perfil ezberdinetako jendea batatzeaz gainera, erantzunak eman eta erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezan nahi dugu”

Kurutziagako Covid-19 lan-taldea osatzen ere ari zarete, ezta?

Bai, behar-beharrezkoa da. Ikastolako profesionalak, gurasoak eta Artezkaritzako kideren bat batuko dituen taldea osatzen ari gara. Normala den legez, familiek mila galdera dituzte, eta guk ez dauzkagu guztien erantzunak eta protokoloan ere ez daude. Beraz, talde horrek perfil ezberdinetako jendea batatzeaz gainera, erantzunak eman eta erabakiak hartzeko gaitasuna izan dezan nahi dugu.

Amaitzeko, puri-purian dagoen gaia: Hezkuntza Sailetik ezelako laguntzarik jaso du Kurutziaga Ikastolak?

Nik dakidala, orain artean, ezer ez. Hala ere, argi utzi nahi dut guk ez dugula Kurutziagarentzat hau edo bestea eskatzen. Gure irakurketa da hezkuntza sistema osoak behar duela bestelako inbertsio bat eta plan bat gauden egoera honetan. Jendartearen ardatzetako bat dela badiogu, eman diezaiogun merezi duen tratua.