Atzo egin genuen San Agustin Kulturgunean 2020-21 ikasturteari dagokion Ezohiko Batzar Nagusia. 54 bazkide bertaratu ziren eta beste 27 bazkidek delegatu zuten botua.
Hiru kide berri Artezkaritzan
Ohi bezala, batzar hasieran akta onartzeko bi bazkide izendatu ziren. Horren ostetik, Artezkaritza Batzordeko kide berrien hautaketa egin zen. Hiru kidek utzi dute ekaineko batzarrean Artezkaritza Batzordea (Berezi Bilbao, Oskar Alberdi eta Eli Imaz). Egindako ekarpenagatik Hektor Orbek, Kurutziagako presidenteak, eskerrak eman zizkien komunitateko kide guztien izenean.
Bost kide berriren onarpena egin zen atzoko bozketa baina horietarik bi lehendik ere Artezkaritza Batzaordeko kideak dira (Alaitz Atxurra eta Izaskun Iturriotz). Beraz, kide berriak ondorengo hirurak izango dira Batzar Nagusiak hala onartuta: Imanol Eskota, Gorka Garcia-Ariño eta Gontzal Uriarte (argzkiak ezkerrtik eskumara)
Covid-19ak baldintzatutako ikasturtea
Urko Rodriguez ikastolako Zuzendari Gerenteak amaitzear den ikasturte hau Covid-19ak zelan baldintzatu duen azaldu zuen ondoren. Urtea, azkenean, espero baino hobeto joan dela eta eskerrak eman zizkien ikastolako lan-talde profesionalari, familiei eta ikasleei. Covid-19ak ikastolan izan duen inzidentzia gizartean izan duenaren isla izan dela adierazi zuen grafiko baten bitartez.
Hezkuntza proiektua
Gotzone Duñabeitiak, Zuzendari Pedagogikoak, hezkuntza alorrari buruzko azalpenak eman zituen. Batetik, hein batean pandemiaren eraginez, digitalizazioan eman diren pausoak azaldu zituen. Bestetik, aipatu zuen etorkizunera begira LHn eta DBHn, lehenago HHn egin bezala, hausnarketa eta praktika pedagogiko zenbait martxan jarri direla urte batzuen buruan jauzi bat emateko.
Kanpo espazioak hezkuntza eremu osagarri moduan izan ditzakeen aukeretan sakontzeko profesionalez eta familiez osatuta sortu asmo den taldeari buruzko azalpenak ere eman zituen.
Barne funtzionamendua eta organoak
Urko Rodriguezek berriz, aipatu zuen pandemiak baldintzatu duela barneko organoen funtzionamendua eta Artezkaritza Batzordeak eta Eskola Kontseiluak, hein batean, funtzionamenduan jarraitu badute ere, Guraso Ordezkarien alorra ez dela behar beste dinamizatu, Datorren urtera begirako zereginetan agertuko da.
Ikastola egonkor
Ikastolaren egoera ekonomikoa egonkorra dela adierazi zuen Urko Rodriguezek. Aurten pandemiagatik Hezkuntza Sailetik jaso diren laguntza guztiak eta gehiago ere erabili direla aitatu zuen. Ondorioz, datorren ikasturtera begira kuotak bere horretan mantentzea proposatu zuen.
Etorkizunera begira, inbertsioei dagokienez, Hezkuntza Proiektuaren zerbitzura egongo diren apustu ekonomikoak egin beharko direla aipatu zuen, Gotzone Duñabeitiak lehenago azaldutakoari aipamena eginez.
Kontuak eta kuota proposamena bozketa bidez onartua izan zen.
Asebeteze galdetegia
Amaitzeko, familiek betako Asebeteze Galdetegiaren emaitzen gaineko irakurketa egin zuen Urko Rodriguezek. 406 familiek bete dute galdetegia (hiru laurdenek euskaraz eta laurden batek gazteleraz) Emaitzak oso onak direla eta azkeneko urteetakoekin alderatuta goranzko joera adierazten dutela aipatu zuen Rodriguezek. Edozelan ere, kezka agertu zuen ikastolako organoen ezezagutzari zegokionez. Aurrerantzean alor horretan gehiago eragin beharko dela aipatu zuen.
Galdera erreguak
Galdera erreguetan datorren ikasturteko baldintzei eta ordutegiei buruz galdetu zuen bazkide batek (DBHko ordutegi ez-jarraiari eta jantoki zerbitzuari buruz, besteak beste). Momentuz aurreko asteko buletinean emandako informazioa besterik ez dagoela adierazi zen zuzendaritzatik. Edozelan ere, iazko ikasturtean ere Hezkuntza Sailaren jakinarazpenak ekain amaieran iritsi zirela gogoratu zuen Urko Rodriguezek.
Amaitzeko, Hektor Orbe presidenteak eskerrak eman zizkien bertaratutakoei eta, bide batez gogorazi zuen ikastolako kideok geu garela ikastolaren enbaxadorerik onenak ikastola ezagutzera emateko orduan.