Euskara Taldea sortu da Kurutziaga ikastolan: “Animatu eta batu taldera!”

Euskararen erabileran eragiteko ezinbestekoa da ikastolak eta familiek bide berean lan egitea. Horregatik, Kurutziagako hainbat gurasok Euskara Taldea sortu dute. Ateak zabalik dituzte gainerako familiek ere parte har dezaten. Ekarpenak egiteko euskarafamiliak@kurutziagaikastola.eus helbidera idatzi daiteke edo galdetegia bete.

Euskara Taldea martxan da. Familiok zelan bizi duzue euskararen erabileraren gaia?
Euskaraz bizi gura dugu, eta horretarako arnasguneak eta espazioak sortzea ezinbestekoa da. Euskararen egoerak kezkatzen gaitu, eta uste dugu familiok ere badugula zeresana eta zeregina. Ikastolak lan handia egiten du gure umeek eta gazteek euskara erabil dezaten, baina hori bakarrik ez da nahikoa. Familiok ere lan horretan eragitea garrantzitsua da. Ikastolaren zein familien arteko elkarlana indartzea da asmoa.
Zein helburu markatu duzue?
Familiaren bidez euskararen eta euskal kulturaren transmisioan lan egiteko ikastolan gure lekua izateko aukera bat da. Euskaraz gozatzeko aukerak sortu nahi ditugu. Baina, horretarako gurasook parte hartu behar dugu. Hainbat ekintza antolatzeko asmoa dugu, eta ateak zabalik daude.
Parte hartu gura dutenek zelan egin dezakete?
Antolatuko ditugun ekitaldietan parte hartu gura dutenek galdetegia bete dezakete. Hasteko,  pailazoen ikuskizuna antolatuko dugu azaroaren 21erako, Plateruenean. Ekitaldi hau zein aurreragokoetan lanerako prest dauden familiak ongietorriak izango dira. Denon artean errazagoa izango da. Animatu eta batu taldera!