Euskara Taldea: Euskaraldian topera lanean!

Teknologia gelan topatu ditugu DBHko Euskara Taldekoak, astelehen eguerdiro bezala bertan elkartu dira aste honetan ere DBH3 eta 4ko 30 bat neska-mutil.

Azken asteak nahiko lanpetuak izan dituztela diote eta martitzen eta eguenetan ere elkartu behar izan dira EUSKARALDIAren dinamikak eskatzen zuen lanak aurrera eroateko: Pankartak egin, geletan aurkeztu beharreko manifestuak eta txapak prestatu, azken egunerako jolasak antolatu…

Ikastolan martxan jarri den ALTXORBIZI ekimenaren ardura izan dute DBHn, eta beraiek izan dira dinamika hau geletara eraman dutenak gainonentzeko ikasleengan eragiteko asmoz: “Gure ohiturak aldatzeko esperantzagaz aritu gara, eta era berean, gure inguruan AHOBIZI eta BELARRIPREST gehiago lortzeko helburua ere izan dugu”.

Aurten, azken urteetako talderik handienetarikoa osatzen dute, eta hori gazteek ardura badutenaren seinale da. Hainbat ideia dituzte buruan eta horietako batzuetan lanean hasiak ziren: Aldizkari digital bat editatzea eta euskaraen kalitatearen inguruko kanpainaren bat burutzea, esaterako: “Ea EUSKARALDIA bukatu eta azterketen sasoiaren ondoren berriz ere heltzen diegun”.

Euskara taldearen beharraz galdetuta, argi diote baietz, beharrezkoa dela: “Guk nahiko genuena  baino euskara gutxiago erabiltzen da gazteon artean eta gure helburua horri buelta ematea da, gainera kezkatuta gaude erabiltzen den euskararen kalitateagaz, gero eta erderakada gehiagoz josita baikaude”.

Horri buelta emateko asmoagaz, batu, antolatu eta lanean dihardute ikasturte osoan, baina argi dute etxetik ere asko egin behar dela hori lortzeko, are gehiago, etxean ez badiogu honi heltzen nekez egin ahal izango dugu guk aurrera, denon esku dago!

Beraien helbide elektronikoa ere badute: euskarataldea@kurutziagaikastola.eus, eta gustura hartuko dituzte bertan iradokizunak eta proposamenak.