Errigoraren 10. urteurrenaren barruan, auzolan eguna egingo du elkarteak Kurutziaga Ikastola

Errigora ekimenak hamar urte bete ditu aurten. “Hamar urte, bete-bete” lema darabilte udazkeneko kanpainaren barruan, eta hori ospatzeko hainbat ekintza ari dira burutzen. Tartean, urriaren 29koa. Kurutziagan auzolan eguna izango dugu hilaren amaieran, eta horri zein urteurrenari buruz egin dugu berba Iker Ajuriagerra Errigorako kideagaz.

Ibilbidearen zer balorazio egiten duzue?

Oso positiboa. Egindako ibilbideak bete-bete sentiarazten gaituela esan genezake. Alde batetik, Nafarroan euskara ofiziala ez den zonalderako, Ager zonalderako, euskara sustatzeko 1,8 milioi€ bideratu dira, 13.000 saski banatu ditugulako urte hauetan. Diru ekarpen horrekin zonaldeko ikastoletan hainbat proiektu jarri dira martxan; AEK euskaltegietako ikasleek matrikula ordaintzeko beka jasotzen dute; Sortzen elkarteak D ereduko eskolak hauspotzeko ekimenak bideratu ditu; eta Agerraldia erakundeak hainbat dinamika jarri ditu martxan euskara sustatzeko, euskararen aldeko jarrerak indartzeko eta zonaldeko euskaltzaleen sarea antolatzeko.

Horrez gainera, lorpenak askoz zabalagoak dira. Zubiak eraiki dira Euskal Herri zabalean; Nafarroako ekoizleak eta Euskal Herri osoko euskaltzaleen artean, euskal herritarren artean… Baita ere, azpimarratu gura genuke ekintza praktiko eta sinpleen bidez lortzen dugula herri ekimen hau martxan jartzea. Eta, gainera, tokian tokiko ekintza txiki horien bitartez, amets handiak ere irudikatu ditugula: Euskararen normaltasunari begira, tokiko ekoizpena indartzeari begira…

Helduleku asko dituen proiektua da eta era askotariko jendea zein erakundeak eroso sentitzen dira Errigoran.

Zelan eraldatu da Nafarroan euskararen egoera urteotan?

Esan daiteke euskararen normalizaziotik oso urrun gaudela, baina Errigora moduko ekimenek asko laguntzen dute. Jende askok adierazten du zein garrantzitsua den beraientzat Errigorak ematen duen babesa sentitzea, horrek nabarmen laguntzen baitu euskararen aldekotasuna indartzen eta harrotasuna sentitzen euskaraz bizi gura dugula esateko. Ekarpen ekonomikoek ere pila bat laguntzen dute egunerokoan, beharrak amaigabeak baitira. Testigantza dezente ditugu euskaldundu den jendearenak, Errigora ekimenak emandako indarraren ondorioz euskara ikasteko urratsa eman zutenena.

Urriaren 29an auzolana antolatuko duzue Kurutziagan. Zein da egun horretako asmoa?

Durangaldeko Errigorako lagunentzako deialdia da. Urtero egiten dugu auzolanerako deialdi bat Ablitasera, 6.000 saski auzolanean egiteko eta, aurten, Durangon ere egitea pentsatu dugu. Egun horretatik jendea oso pozik ateratzen da, giro ederra egoten da eta auzolanean lan egitearen balorea azpimarratzen dugu. Kurutziagan egingo den auzolanean parte hartuko dutenak Errigoraren komunitateko kide izateaz harro sentitzea gurako genuke, proiektuaren baloreak bertatik bertara bizita.

Zenbateraino da garrantzitsua Durangotik, Durangaldetik Nafarroako nekazariei zein euskarak Nafarroan duen egoerari eman diezaiekegun bultzada?

Lehen esan bezala, herrigintza eta naziogintza ariketa bat da Errigorak proposatzen duena. Durangaldean saski asko eskatzen badira, zubiak eraiki eta sendotuko dira: Eskaera egin duenaren eta ekoizlearen artean zubi bat eraikiko da; Nafarroako Ager zonaleko euskalgintzagaz beste zubi bat eraikiko da etab. Ager zonaldeko lagunentzat babes garrantzitsua da Durangaldetik ere jasoko duguna.

Bestalde, bihar, urriak 20, udazkeneko kanpainari ekingo dio Errigorak. Zer berritasun dakartza?

10. urteurrena betetzen ari gara eta urteotan lortutakoa azpimarratu gura dugu. Errigoragaz bat egiteko kanpainarik eraginkorrena Euskarari Puzka kanpaina da, saskiak eskatzea hain zuzen ere. Hori horrela, aurten eskaera egiteko modua sinplifikatu eta saski bakar bat eskainiko dugu, 50€-tan. Saski hori 9 produktuz osatuta egongo da, 50 €-tan baloratutako produktuak. Horietatik 5 produktu amankomunak izango dira saski guztietan: Orburuak, zainzuriak, piperrak, ardoa eta gozo bat. Gainontzeko 4 produktuak saski bakoitzean desberdinak izango dira, 23 ekoizlek parte hartzen dute Errigoran eta guztien produktuak jasoko ditugu saskietan, betiko produktuak izango dira.