Errigorak udazkeneko kanpainari ekingo dio etzi: “Produktu-sorta txukunak osatu eta eskaintza erakargarri bat aurkeztea lortu dugu”

“Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” ari da joan diren urte luzeetan, udaberrian eta udazkenean kaleratzen dituzten kanpainei esker tarteko. Aurten zialagoa izan dute Errigorako kideek otzara erakargarriak osatzea, klimak eta kostuen igoerek eraginda. Baina lortu dute. Irati Abio Muruaga Errigorako kide den bakiotarrak kontatu digu zelan joan den ekoizpena eta zer dakarten aurtengo otzarek.

Badator bueltan Errigoraren udazkeneko kanpaina. Zelan joan zen iazkoa? Eta aurtengo udaberrikoa?

Pozik gaude jasotako emaitzekin. Udaberriko kanpainan, inoizko emaitza onenak izan genituen: 143.000 litro olio, 271.000 ontzi kontserba eta 41.000 pakete arroz, pasta eta lekale banatu genituen. Iazko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpaina ere ez zen atzean geratu eta gure historiako bigarren kanpaina onena izan da: 15.500 saski banatu ziren. Horrek Nafarroa hegoalde eta erdialdera 235.000€ bideratzea ekarri zuen. 

Zenbateraino eragin du pandemiak kanpainei dagokienez?

COVIDak bizitzako esparru  guztietan eragin zigun, Errigora ere noski: ohiko banaketa guneak itxita, erabilerarako mugak, jendearekin elkartzea zaildu zuen…baina maskarilen atzetik, irribartsu eta lanerako gogotsu zeuden ehundaka sarekiderekin egin genuen topo. Oztopoak gainditu eta kanpainak aurrera atera genituen berriro ere auzolana oinarri izanda.

Aurten uda zaila izan da Euskal Herrian, Nafarroan barne. Zelako eragina izan du nekazariengan eta ekoizpenean udako klimak?

Aurten udaren ongi etorria oso gogorra izan zen Nafarroa erdialde eta hegoaldean gertatutako suteen ondorioz. Gure ekoizle eta nekazariek oso kaltetuak izan ez ziren arren, ondorengo hileetan edukitako klimak bai izan duela eragin nabarmena. Uda honetako tenperatura altuek dilisten produkzioa oso murritza izatea ekarri du eta ondorioz, kutxa berdean hauek sartzea aurreikusta bagenuen ere azkenean arroz integralarengatik ordezkatu behar izan dugu. Horrez gain, lehorteak piper eta olibondoetan izan du eragina, fruituak hain mamitsuak ez izatea ekarri du. Oraindik ekoizleekin lanketa egiten gabiltza guzti honek hurrengo kanpainetan nola eragingo digun aztertzeko. 

Ekoizpen kostuak ere igo dira, baina otzaren prezioak mantendu dira.

Aurten, beste urte batzuetan baino gehiago kostatu zaigu kutxen osaketa definitzea, KPIaren gorakadari aurre egiteko malabarismo ariketa ederra egitea tokatu zaigu ekoizleekin batera. Baina azkenean lortu dugu, saskien prezioak eta Agerreko euskalgintzak jaso beharreko ekarpena mantenduta (balioaren %25a), produktu-sorta txukunak osatu eta, gure ustez, eskaintza erakargarri bat aurkeztea beste behin ere.

Zelan ari da eragiten Nafarroako Gobernuak egin gura duen zonifikazioa Nafarroako Erriberan?

1986an Nafarroako Parlamentuak Euskararen Foru Legea onartu zuen, Nafarroan hiru eremu linguistiko sortu zituelarik, bakoitzean eskubide batzuk onartzen zirela. Horrek nafarren artean diskriminazio, desberdintasun eta desadostasunak sortuz.  Errigoran “zona no vascófona” izeneko eremuan eragiten dugun arren, edozein nafarrek, edonon dagoela eta edonon bizi dela, lurralde osoan euskara ezagutu eta erabiltzeko duen eskubidea praktikan jartzea nahi dugu. Euskeraz ikasi, lan egin, aisialdian disfrutatzeko…azken finean, euskaraz bizitzeko! Gobernutik aldaketa etorri ezean,  herritik aldaketa emateko lanean jarraituko dugu eta horretarako ezinbestekoa da kanpaina honen bitartez euskalgintzak jasotzen duen ekarpen ekonomikoa, kanpainari ekin genionetik 1.600.000€ tik gorakoa izan dena. 

Kutxa zabaldu eta… zer aurkituko dugu?

Nafar eta hegoaldeko kalitate oneko eta gozoak diren produktuak aurkituko dituzue noski, baita  iaz bezala, Ager eremuko irudi ederrez osatutako 2023ko egutegia ere. Hori da kutxa zabaltzerakoan ikusi eta ondoren dastatu ahal izango duzuena. Baina kutxa horrek ematen duena harago doa eta ukiezina den zerbait ere emango dizue. Nafarroarekin bat, euskararekin bat egiteagatik Ager eremuko Ikastolek, AEK-k, Sortzenek eta Agerraldia ekimenak behar duen bultzada hori eman izanak itzultzen duen gogobetetzea eta Ager eremuko euskalzaleek itzulitako esker ona sentitu ahal izango duzue.

Zer esango zenieke Kurutziagako gurasoei?

Bi gauza: lehenengo eskerrak eman nahi dizkiogu Kurutziaga Ikastolako komunitateari Errigorari Kurutziagako ikastolako ateak ez ezik, etxekoak ere zabaltzeagatik, eta gure kanpaina desberdinek aurrera egin dezaten egindako lanagatik. Eta bigarrena: baietz iaz baino saski gehiago banatu Kurutziagan! Aupa zuek!