Ekainaren 4ko Batzar Nagusiaren laburpena

Ekainaren 4an Kurutziaga Ikastolako Ez Ohiko Batzar Nagusia egin genuen, eta guztira 57 bazkide egon ziren ordezkatuta, bertaratutakoen eta delegatutako botoen artean.

Lehenik eta behin, Artezkaritza Batzordearen berritzea gauzatu zen. Mari Luz Guenagari egindako lana eskertu zitzaion, eta Irantzu Zumarraga Artezkaritzako kide berri izendatu zen.

Ondoren, 2026-2027 ikasturterako kuoten proposamena aurkeztu eta onartu zen. Azaldu zen ikastolaren egoera ekonomikoa orekatua dela eta kooperatibako ekarpenak zein materialekoak bere horretan mantenduko direla. Zerbitzu batzuetan, ordea, kostuen igoerari aurre egiteko eguneraketak egitea beharrezkoa dela azaldu zen.

Gai orokorren atalean, hiru gai nagusi landu ziren:

  • Digitalizazioa eta hezkuntza: maiatzean antolatutako jardunaldien eta EHUk Kurutziagan egindako ikerketaren emaitzen berri eman zen. Bazkideen artean iritzi truke zabala egon zen pantailen erabileraren eta digitalizazioaren inguruan.
  • Plan Estrategikoa: ikasturtean zehar egindako lanketaren berri eman zen, eta prestatu den zirriborroa ikasturtea amaitu aurretik familien eskura jarriko dela adierazi zen.
  • Familia zaurgarrientzako laguntzak: ikastolak historikoki familiei emandako laguntzak eta konpromiso soziala azaldu ziren, gogoraraziz kooperatibaren ekarpenek helburu sozial eta kooperatiboa dutela.

Eskerrik beroenak Batzar Nagusian parte hartu zenuten guztioi, zuen inplikazioagatik eta egindako ekarpenengatik.