Ebaluazio txostenen eredua berritu egingo da zenbait mailatan: “Ikaslearen garapen osoa hartzen da aintzat, alde batetik akademikoa, baina baita pertsonala eta jarrerazkoa ere”

Hiruhileko honetatik aurrera, aldaketak datoz hainbat mailatako ebaluazio txostenetan. Aldaketaren nondik norakoa, zertan onarritzen den zertan eragingo duen, Gotzone Duñabeitia zuzendari pedagogikoak azaldu dizkigu.

Zer dela eta dator aldaketa hau?

Curriculum dekretu berriak ikastolako dokumentu marko orotan egokitzapenak eta berrikuspenak egitera eraman gaitu.

Eta zertan datza ebaluazio txosten berri hau?

Dokumentu honek ikasleak maila pertsonalean eta akademikoan garatu beharreko funtsezko konpetentziak jasotzen ditu. Horiek ikas arloetako konpetentzia espezifikoen bitartez garatzen eta ebaluazio irizpideen bidez baloratzen dira.

‘Ebaluazio integral’ legez ezagutzen da ebaluazio mota hau. Zertan oinarrizen da?

Ebaluazio integralak jakintza-arlo guztietan batera garatutako konpetentziak eta lortutako emaitza eta helburuen balorazioa biltzen ditu bere baitan. Ikaslearen garapen osoa hartzen da aintzat, alde batetik akademikoa, baina baita pertsonala eta jarrerazkoa ere. 

Lotura horiek guztiak egitea eta bideratzea izan da hiruhileko honetan erronka nagusia guztiontzat, HH, LH eta DBHko lan talde osoarentzat. Eta aurrerantzean ere, ikasturtea bukatu arte, hala beharko du izan. 

Non ikusiko ditugu ebaluazio txostenaren aldaketak?

Moldaketa hauek guztiak hezkuntza eremuan eta arkitektura digitalean (Alexia aplikazioan) egin beharra daude aldi berean hiruhileko bakoitzaren amaierako txostenetan islatuta gera dadin ebaluazio horretako informazioa. 

Aldaketak datoz, beraz, ebaluazioak komunikatzerako orduan.

Lehen hiruhilekoa bukatzear dagoen honetan, gure ardura txosten digital horien sorkuntzan eta funtzionamendu egokia ere bada. Zeregin zehatzak gure esku egon arren, badaude beste zenbait alderdi tekniko eta orokorragoak azken momentuan eragin dezaketenak. Aldaketek beti dute arrisku hori, kontziente gara eta egoera horretan denon ulermena ezinbestekoa izango da.