DBHko Elkarbizitza Taldea: “Egiten ditugun esku-hartze askoren atzean sare sozialen erabilera desegokia dago”

Erika Lagoma eta Julen Santos irakasleak DBHko Elkarbizitza Taldeko kideak dira. Egunerokoan gaztetxoekin dihardutenez badakite internetdun gailuek sortu ohi dituzten gora-beheren berri. Kezka hori gurasoengan ere badagoenez, iaz hasitako bidetik, aurten ere berbaldiak antolatuko dituzte DBH1eko ikasleen gurasoentzat. Azaroan izango da berbaldia,  Mari Luz Guenaga ikastolako guraso eta gaian adituaren eskutik.

Bigarrenez antolatuko duzue DBH1eko gurasoentzako internetdun gailuen gaineko berbaldia. Zergatik?

Nabarmena da sare sozialen erabilera desegokia egiten dutela ikasleek, askotan helduok ere egiten dugun bezala. Mundua jartzen diegu eskura, bere alde onekin eta arriskuekin, baina ulertzekoa den moduan, ez dakite mundua kudeatzen. Euren nortasunaren garapenerako herramintak jasotzen ari dira oraindik, eta erantzukizun handiegia izan daiteke askorentzat. Urtero errepikatzen ari den kontu bat da, beraz, urteroko plangintzan txertatzea ezinbestekoa iruditu zaigu.

“Formakuntzaz gain, prebentzio neurririk eraginkorrena gailuak ahalik eta beranduen ematea dela uste dugu”

Berbaldiaz harago, gaztetxoekin ere lanketa espezifikoa egitea proposatzen duzue, ezta?

Garrantzitsua da lanketa etxean zein ikastolan egitea. Tutoretzako bi saio prestatu ditugu beren beregi sare sozialez eta internetaren erabileraz hausnartzeko. Esan beharra dago, gainontzeko ikasgaietan ere egiten direla lanketa laburragoak. Gailuak eskuan dituzten momentutik formazioa eta etengabeko hausnarketa dira neurri garrantzitsuenak.

Dena den, kontuan hartu behar dugu 11-12 urte besterik ez dituztela, eta gehienek modu egokian maneiatu ezin duten tresna bat ematen ari gatzaizkiela.  Formakuntzaz gain, prebentzio neurririk eraginkorrena gailuak ahalik eta beranduen ematea dela uste dugu. Ze, benetan behar dituzte gailuak edo helduok sortzen dugu beharrizana?

Gaztetxoekin lanean diharduzuen neurrian zer problematikarekin egiten duzue topo gailuei lotuta? Elkarbizitzan zelan eragiten du?

Eragin handia du ezkutuko jazarpena asko errazten duelako. Gailuak gure bizitzara iritsi direnetik, ikastolako harreman mingarriak, jazarpena izan edo ez, ez dira ikastolan bukatzen, 24 orduz eta astean 7 egunez jarrai dezakete. Zabalkundea ere berehalakoa da eta exponentziala. Egiten ditugun esku-hartze askoren atzean sare sozialen erabilera desegokia agertzen da.

“Egiten ditugun esku-hartze askoren atzean sare sozialen erabilera desegokia agertzen da”

Gaztetxo hauek natibo digitalak direla esan ohi da baina zer dakite eta zer ez dakite sareko ibilerez?

Tresna horiek duten potentzialitateaz jabetzen dira. Aldiz, ez dira kontziente arrasto digitalaz eta zabalkunde exponentzial horretaz. Aurrez aurre egingo ez lituzketen gauza asko egiten dituzte mundu digitalean, beraz, badago errealitate digitalaren distortsio bat. Askotan, gailuen erabilera konpultsibo bat egiten dute.

Noiz hasi beharko genuke lanketa horrekin, eta zelan egin lanketa hori?

Lanketa horrek askoz lehenago hasi beharko luke: guraso batzuk telefonoa haurren eskuetan jartzea pentsatzen ari diren garai horretan. LH4ko guraso batzuk lanean ari dira mailako gurasoentzako formakuntza saio bat antolatzeko. LH3n eta LH4n lanketa horrekin hastea premiazkoa ikusten dugu. Eta lanketa jarraia izan behar du, LHn hasi eta DBHn jarraituko duena. Gai honetan eragiteko gurasoen arteko erabaki kolektiboak oso garrantzitsuak dira, hori da guraso askok aipatzen duten presio sozilari ateak ixteko modua. Presio soziala aipatzen den arren, gutako norbait izaten da mugikorra ematen lehenengoa. Zarauzko Ikastolan martxan jarritako proiektua oso interesgarria iruditzen zaigu: elkar ulertu duen guraso talde zabal batek urtero egiten du hausnarketa sakelekoen inguruan, eta modu kolektiboan erabaki nahi dute seme-alabei mugikorra noiz eman.

Gaztexoentzat gailuak hain garrantzitsuak diren garaiotan, aspektu positiboak ere izango dituzte, ezta?

Jakina. Gailuak ikasteko herraminta bat izan daitezke, baita elkarren artean harremantzeko ere. Informazio alternatiboa irakurtzeko eta gustuko dituzten gaiei lotutako iturriak arakatzeko aukera ematen die. Horregatik, erabileraz gain, informazio olatu erraldoi hori kudeatzen eta hautatzen ere irakatsi behar zaie.

ZENBAIT LOTURA INTERESGARRI

Eusko Jaurlaritzaren “Zeuk esan, haurtzarorako eta nerabezarorako laguntza zerbitzua”.

Pantallas Amigas proiektua

“Adictos a las pantallas” dokumentala

“El dilema de las redes sociales” (trailerra). (Netflix: ordainpekoa)