Pello Madariagak eta Arantza Agirrek (Amaia Jaioren laguntzarekin) izan dute aurten DBH2ko ikasleen antzezlana gidatzeko ardura. Pandemiaren eraginez taula gainean aukezterik izango ez badute ere, bideoan jaso dute “Lora” izeneko antzezlana.
Ezohiko ikasturtea eta ezohiko antzezlan izango da “Lora”, bideo formatuan jaso duzuena.
Ikasturte osoan prestatzen aritu ostean, joan den astean egin genituen grabaketak eta halako lanetaz badakiten lagun batzuei esker, edizioa egiten ari gara orain. Datorren astean edo hurrengoan antzerkian parte hartu duten ikasleekin ikustaldi bat egin gurako genuke.
Zer kontatzen du “Lora”-k?
Iheslarien eta errefuxiatuen eremu batean geratzen den istorio bat da. Egoera distopiko batean, bizi dugun momentutik ez hain urrun, beharbada, baina muturreko egoera batean. Pandemiak eta musukoak besterik ez zeudela zirudien urte honetan gure munduan presente dauden beste gai batzuei heldu gura izan genien lan honekin.
Pandemia eta musukoak aipatu dituzue. Guztion egunerokoa baldintzatu du baina antzerkia egitea are gehiago zailduko zuen, ala?
Erabat. Egia esan oso bide gorabeheratsua izan da. Ikasturtea hasi zenean pentsatzen genuen, beharbada, Gabonen osterako egoera hobea izango genuela, eta urteroko antzerkiaren formatua generabilen buruan. Gero esan ziguten San Agustinen, eta antzeztokietan oro har, profesionalak bakarrik aritu zitezkeela. Gaztetxoei jendaurrean arituko ez zirela jakinaraztea gogorra izan zen.
“Gaztetxoei jendaurrean arituko ez zirela jakinaraztea gogorra izan zen”
Azkenean, joan den asteko zenbait arratsaldetan ikastolan egin zenituzten grabaketak, ezta?
Bai. Frontoiaren hondo urdina probestuz, chroma bat prestatu genuen gero irudiak gainjarri ahal izateko eta bertan egin genituen grabaketak. Ez dugu aipatu barik utzi gura grabaketa egunetan ikasleek izan zuten jarrera. Ez da zuzeneko saio bat izan baina oso sartuta egon ziren euren lanetan eta lezio ederra eman ziguten.
“Ez dugu aipatu barik utzi gura grabaketa egunetan ikasleek izan zuten jarrera”
Zerk bultzatzen du adin horretako gaztetxo bat antzerkian izena ematera?
Ikasturte hasieran galdetegi bat pasatzen diegu eta askok aipatzen dute, adibidez, jendaurreko lotsa gainditzea badela euren helburuetako bat. Beste batzuek euren ohiko adiskide zirkulutik haragoko harremanak egin gura dituzte… Gora-behera handiko adin tartea da eta antzerkiak zabaltzeko aukera ematen die.
Momentuz, antzerkian parte hartu dutenek izango dute “Lora” primizian ikusteko aukera. Beharbada, aureerago, gainontzekook ere gozatu ahal izango dugu euren lanaz. Bien bitartean, loratu dadila bizitza!