Claudia Aperribai (Jantokia): “Segurtasun neurrietara moldatuz, hainbat ohitura eta betebehar berreskuratu beharko genituzkeela uste dut”

Claudia Aperribai da Kurutziagako jantokiko koordinatzailea. Nutrizioa eta dietetikan diplomatua, menuak diseinatzeaz gainera, bestelako buruhausteak izan ditu ikasturte honetan jantokiko lan-talde osoak legez.

Ikasturtea hasi zenean, galdera ikur handi bat zegoen hezkuntza zentroen gainean, are gehiago hezkuntza zentroetako jantokien gainean.

Ziurgabetasun handia zegoen, baina martxotik geldirik egon ginenez, ekiteko gogoa ere bai. Egia esan, udan lanketa handia egin genuen. Erronka nagusiena ikasle guztiei segurtasun neurriak bermatuz jaten eman ahal izatea zen, eta horretarako hainbat froga egin behar izan genituen: jantokiko gune guztien neurriak errepasatu, altzariak zenbatu, denborak neurtu…

“Nire ustez, DBHko ikasleekin badago modua lehengo sitemara bueltatzeko segurtasun neurri guztiak bermatuta”

Segurtasun neurriak direla-eta, bandejak mahaietan egon behar dute bazkaltiarrak iristerako. Ez da jantoki baterako egoera ideala, ezta?

Mailaren arabera. Txikientzako horrela izan behar da, ezin baitira banaketa lerrotik pasatu. Baina egia da, nagusitzen doazen neurrian, egokiagoa deritzodala lerroko zerbitzuari. Lerroko zerbitzuan ikasleek, neurri batean, aukera egin dezakete eta autonomia handiagoa daukate. Orain, berriz, badirudi menu osoa inposatu egiten zaiela inolako aukerarik eman gabe. Nire ustez, DBHko ikasleekin badago modua lehengo sitemara bueltatzeko segurtasun neurri guztiak bermatuta. Datorren ikasturtera begira, ondo legoke eurekin batu eta hobekuntza posibleak adostu eta egingarriak diren ikustea.

Sarritan aipatzen duzue jantokia ez dela “jan eta joan”, hezkuntza esparru bat ere badela, garrantzitsua dela ikasleen parte-hartzea…

Horrela da, eta arlo horretan igarri dugu atzerapausorik handiena. Iaz ikasleek hainbat funtzio betetzen zituzten gurekin elkarlanean: janaria banatu, zerrenda pasatu, mahaiak garbitu, aulkiak jaso… aurten, askok, jateko bakarrik ukitzen dute bandeja eta badoaz. Horrela ez daukate ezelako ardurarik. Gure arteko harremana (ikasle-jantokiko langile) ere hoztu egiten da eta ez dute askorik ikasten. Gutxinaka, betiere segurtasun neurrietara moldatuz, hainbat ohitura edo betebehar berreskuratu beharko genituzkeela uste dut, ikasleentzat onuragarriak baitira.

” Iaz ikasleek hainbat funtzio betetzen zituzten gurekin elkarlanean (…) aurten, askok, jateko bakarrik ukitzen dute bandeja”

Bazkalosteko zenbait ekintza berreskuratzen hasi zarete. Umeek eskertuko dute, ezta?

Baita geuk ere! Lehenengo hiruhilekoan ez ginen ausartu gauza handirik egiten. Ez genuen ezer partekatu nahi eta burbuilak direla-eta egindako guneen banaketa eta aldaketek ere ez zuten laguntzen ekintzei jarraipena emateko. Urtarrilaz geroztik hasi gara pauso batzuk ematen eta noski kontu handia izaten desinfekzioarekin. Hainbat gauza landu ditugu: jantokiko betebehar eta arauak, sasoiko elikagaiak, zereal ezberdinak, jasangarritasuna, kirol ezberdinak, betiko jolasak…

Ikastolako gainontzeko langileek aipatu digute jantokian egin duzuen lan itzela.

Jantokia, arauak mantenduz, ahalik eta tokirik atseginena izan zedin ahalegindu gara, ikasleek neurrien zergatia uler zezaten ahaleginduz. Beste esparruetan bezala, eginez joan gara ikasten. Lan-taldeak hasieratik ekarritako jarrera eta gogoa azpimarratzekoak izan dira. Esango nuke hasieran pentsatzen genuena baino askoz ere ezusteko gutxiago izan ditugula. Jarrai dezagun horrela!