Euskara eta euskal hiztun komunitatea larrialdi linguistikoan daude. Hainbat dira baieztapen hau egiteko ematen diren arrazoiak: euskararen erabileraren atzerakada, legeen babes falta, globalizazioak hizkuntza minorizatuengan areagotu duen zaurgarritasuna… indarrean dauden joera hauei buelta emateko neurriak epe laburrean hartzen ez baditugu, atzeraldia etorriko da.
Ez da erraza norberaren egoera larria dela aldarrikatzea, baina ezinbestekoa da errealitateaz jabetzea nahi ez dugun egoera iraultzeko beharrezkoak diren erabakiak hartu ahal izateko.
Kurutziaga ikastolako komunitatea osatzen dugun ikasle, familiek eta langileok ere, kezkaz bizi dugu gure hizkuntzaren egoera. Horregatik gaude hemen, gure ardura adierazteko, baita euskararen aldeko gure konpromisoa berresteko ere.
Egoera zaila izan arren, gogotsu gaude aurrean daukagun erronkari heltzeko, guk euskaraz bizi nahi dugulako. Guztiok daukagu gure ekarpena egiteko aukera: egunerokoan euskaraz arituz eta aritzea erraztuz, euskaltegietara joateko urratsa eginez edo ingurukoak animatuz, euskal herritar berriei euskara eskainiz, euskal kulturaren unibertsora hurbilduz…
Euskararen arnasgunea den gure ikastolako ateetatik kanpora ere euskaraz atera nahi dugu, gure herriko txoko eta bazter guztietara euskaraz joan nahi dugu. Euskaraz bizi nahi dugu eta horrela esaten dugu, sinple bezain tinko, euskaraz eta kitto!