“Ardura handia sentitzen jarraitzen badugu ere, esan dezakegu hasierako beldurra uxatu dugula”

Luzaroan gogoratuko dugun 2020. urtea amaitzera doa, urte bakarraren barruan bi ikasturte erabat baldintzatu dizkiguna. Gauza asko kendu dizkigu, baina ez guztiak. Olentzero ikastolara etorri den egunean egin dugu berba Gotzone Duñabeitia (Zuzendari Pedagogikoa) eta Urko Rodriguezekin (Zuzendari Gerentea) urte “berezi” honi agur esateko.

Badoa 2020a eta badoa 2020-21 ikasturtearen lehenengo zatia ere. Zein da zuen balorazioa?

Amaitu dela lehenengo hiruhilekoa eta, ardura handia sentitzen jarraitzen badugu ere, esan dezakegu hasierako beldurra uxatu dugula. Irailean zalantza handiak genituen guztiok Covid19ari zelan egin ahalko genion aurre: kutsatzeak, etxeratzeak, burbuila taldeak… Zorionez, atera dezakegun ondorioetako bat da ikastetxeak ez direla kutsatze-gune garrantzitsuak eta, beti ere egoeraren barruan ulertuta, gune nahiko seguruak direla.

Gehitu beharra dago segurtasun horretan zerikusi handia izan duela hezkuntza komunitate guztiaren jarrerak eta hasieran hartutako antolakuntza neurriek bete dutela bere funtzioa. Langilegoaren, familien eta, bereziki, ikaslegoaren jarrera eskertzekoa izan da.

Urtarrilean ere musukoarekin itzuliko gara.

Ez dirudi, inondik ere, bestela izango denik. Gaitzari errespetua galtzea geure galbidea izan daiteke. Deserosoak izan arren ezarritako neurriei eutsi egin behar zaie. Eta ea ez dagoen zorroztu beharrik!

Urtarrilean matrikulazio garaia ere badator…

Bai, eta horretan ere berezia izango da. Pandemiaren aurretik ere jakina da jaiotze tasa beheruntz doala. Horrek matrikulazioan bere eragina du, jakina. Edozelan ere, sinesten dugu hezkuntza eskaintza interesgarria eta aberatsa daukagula. Durango eta albo-herrietako familiei ezagutarazi behar diegu.

Eta ez da hezkuntza eskaintza bakarrik. Komunitate bat, elkarrekin eraikitako historia bat eta etorkizunera begirako proiektu bat ere bada Kurutziaga. Badaukagu zer hobetu asko, jakina, baina uste dugu gure baloreak lehen bezain premiazkoak direla gaur, eta izango direla bihar: euskara ardatz, hezkunta integratzailea, gure inguruarekin eta ingurukoekin justoagoa eta parekidea…

Eta, amaitzeko: zer eskatzen diozue datorren urteari?

Lehentasuna osasun egoerari ahalik ondoen eutsi eta gure ikasleekin batera ikasbidean aurrera egitea da. Berandu baino lehen posible balitz baldintza “normaletera” itzultzea ederra litzateke. Baina bien bitartean, osasuna guztiontzat eta zaindu dezagun maite duguna eta maite ditugunak!
Gabon zoriontsuak izan!