“AEK-ko kide ez ezik, Kurutziaga ikastolako guraso ere bagara, eta oso eskertuta gaude egin denarekin”

Esther Garitaonandia Guenetxea eta Aitzol Gastañazatorre Gorritxategi ikastolako gurasoak, AEK-ko kideak dira biak. Estherrek 1991tik dihardu Durangaldeko AEK-n eta Aitzolek 1999tik gehiago. Aurtengo urtean egin beharreko Korrikaren 22. edizioa atzeratu egin bada ere, Bultza Euskaltegiak! Bultza Euskara! kanpainan murgilduta daude biak.

Aurtengoa zen KORRIKA urtea baina ez da posible izango. Euskaldunok faltan hartuko dugu.

Bai, zalantzarik gabe. Aurten burutu behar genuen 22. KORRIKA baina pandemia dela-eta, datorren urterako utzi dugu KORRIKArekin zerikusia duen guztia. Izan ere, AEK-n aurreikusi genuen ez zela bermatuta egongo karrera bera, ez eta gainontzeko ekimenak ohiko formatoan egitea ere (korrika kulturala, korrika txikiak…).

Eta bai, euskaldunok aurten faltan hartuko dugu eragile, elkarte, eskola, alderdi politiko eta norbanako andana batzen dituen ekimenik garrantzitsuena. Hamar egunez hainbat koloretako jende piloa elkartzea, kohesionatzea lortzen duen herri-ekimena. Dena den, KORRIKA 22rako prestaketak aurrera jarraitu du eta hurrengo 365 egunetan ere horretan jarri nahi dugu indar guztia. Ez dago esan beharrik, horretarako, KORRIKArekin bat egiten duen orok elkarlanerako ate guztiak zabalik dituela.

“Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan eta herritarren sostengua behar dugu”

Sinbolikoki eta emozionalki KORRIKA ez egotea bada hutsune bat, baina AEK-ri bestela ere eragingo dio, ezta?

Korrika atzeratzeak zuloa eragin digu aurrekontuan, jakina, eta banku bidezko finantzaketaren bitartez eman diogu erantzuna. Beraz, zorpetze horri ere aurre egin beharko diogu, eta herritarren sostengua behar dugu. Aurten bultzada txiki bat, eta hurrengo ikasturtean izango den KORRIKAk babes erraldoia jasotzea espero dugu, benetan behar izango dugu-eta.

“Bultza Euskaltegiak !Bultza Euskara!” kanpaina ez dugu planteatu, inondik inora, KORRIKA ordezkatzeko, euskarari bultzada emateko baizik. Hainbat eragilek (administrazio, eragile sozial zein politikoek…) hartutako konpromisoak interpelatu nahi izan ditugu eta, nahi izanez gero, jendartean ekarpenen bat edo egiteko aukera zabalik utzi dugu.

Pandemia madarikatu honek mundua hankaz gora jarri du. Euskara lako hizkuntza gutxitu bati eta bere ikaskuntzari zelan eragin dio?

Korrika bezala ekimen ugari (Ikastolen jaiak) bertan behera utzi behar izan dira eta beste batzuk ahal den heinean moldatu. Jendea elkartu eta ekimen hauek guztiak martxan jartzeko garaian pandemia hau oztopo handia izan da. Erabaki gogorrak hartu behar izan dira, eta horrek guztiak nekea eragin du. Gainera, pandemiak agerian utzi du lehendik bagenekiena, besteak beste, hizkuntz politiketan aldaketak eman behar direla. Izan ere, oraindik Euskal Herriko hainbat eremutan, esaterako, dirulaguntzak, ez daude bermatuta, eta are gutxiago egonkortuta. Horregatik, uste dugu inoiz baino gehiago gure hizkuntzak eta jendarteak ekimen hauen beharra dutela; beraz, nekea alde batera utzi eta aurrera egin behar dugu.

“Pandemiak agerian utzi du lehendik bagenekiena, besteak beste, hizkuntz politiketan aldaketak eman behar direla”

Zer martxatan zabiltzate orain euskaltegietan?

Neurri guztiak hartuta, espero baino erantzun hobea izan dugu eta hainbat ikasle hurbildu da euskaltegietara… Eta ari dira. Gure kasuan, Durangoko Abarrak AEK euskaltegiak gela handiak ditu eta nahiko erraza izan zaigu osasun neurriak betetzea. Gainera, ikasleek oso jarrera ona dute eta eskertzekoa da oso.

Zelan hartu duzue Ikastolan egindako KORRIKA 21,5 edizioa ekimena?

Keinu polita izan da, benetan. Korrika zer den, zertarako sortu zen, zein den bere helburua… Hori guztiori ikasleen artean ezagutarazteko balio izan du. Ikastola barruan Korrika txiki bat egin da korrikarik egongo ez den urtean: oso ideia ona! Korrikak zabaltzen dituen beste baloreak auspotzeko ere balio izan du gainera: ikastola osoak parte hartu, elkarrekin … Gainera “bultza euskaltegiak Bultza euskara” kanpainarekin lotu da! Gu AEK-ko kide ez ezik, Kurutziaga ikastolako guraso ere bagara, eta oso eskertuta gaude egin denarekin.

“Gu AEK-ko kide ez ezik, Kurutziaga ikastolako guraso ere bagara, eta oso eskertuta gaude ikastolan egin denarekin”

Martxoaren 28ak izan behar zuen KORRIKA 22aren azkeneko eguna,. Ez da hal aizango baina herriz-herri hamaika ekitaldi antolatu dira, tartean Durangon.

Ekitaldi xume bat antolatu dugu. Izan ere, AEK-n argi dugu aldarrikapenak jarraitu egin behar duela: helduen euskalduntzearen garrantzia plazaratu behar da, euskaltegi sendoak behar ditugu, eta euskarak behar gaitu guk hura behar dugun moduan. Horregatik guztiagatik, Bultza euskaltegiak !Bultza euskara! ekimena jarri dugu martxan, eta espero dugu datorren igandean, eguerdiko 12:00etan, jendea Santa Ana plazara hurbiltzea.

Eta ez ahaztu! 2022an 22.KORRIKA egingo den esperantza osoa daukagu eta, orduan bai, itzela izango da!

EUSKARAK BEHAR DUELAKO, GORA KORRIKA!