Zuzendaritza: irailera begira, egoera ezberdinak aztertzen

Kurutziaga Ikastolan datorren ikasturteko lan-antolaketarekin ari gara, koronabirusaren berragerpen posibleak erabat baldintzatzen duen ikasturtea. Irailetik aurrera gerta daitekeenaz ezelako segurtasunik ez dugunez, eman daitezkeen egoera ezberdinak lantzen ari gara.

EAEko Hezkuntza Sailak helarazi digu koronabirusaren aurrean jarduteko protokolo orokorrerako dokumentua, eta Euskal Herriko Ikastolen Elkarteak ere landu du datorren ikasturtera begirako bide-orria. Dokumentu horietan oinarrituta, Kurutziagan gure premietara egokitutako plana ari gara diseinatzen .

Momentuan, hiru ikas-egoera ezberdin aurreikusten ditugu: ohiko jarduna; itxialdiko jarduna (aurtengo martxotik aurrera gertatu den bezala); eta jardun mistoa.

Egoera edozein dela ere, prebentzio protokoloek eta hezkuntza komunitateko pertsonen osasuna bermatzeko neurriek berebiziko garrantzia izango dute. Horretarako, higiene ohiturak finkatu, distantzia sozialak mantendu eta taldekatze egonkorrak egin beharko ditugu.

Datorren ikasturtean, lehentasuna autonomia txikiagoa duten ikasleek izango dute. Aurten titulatu beharreko nagusiek izan dute ikastetxeetara joateko aukera itxialdi garaian, bada, datorrenean, txikienek (HH eta LH) eta egoera zaurgarrian dauden ikasleek izango dute. Edonola ere, ikastolako antolaketa orokorra berrasmatu beharko da eskatzen diren alderdi guztiei erantzuteko.

Izan ere, aurtengo azken hiruhilekoari begiratuta, badugu zer ikasi. Gauza batzutan asmatu dugu eta beste batzutan ez. Geure ikaskizunak atera ditugu esperientzia gogor honetatik. Badakigu ikaskuntza telematikoak ez duela ikasleen banakako esperientzia ordezkatzen, baina ikasketei eusteko funtsezko elementua bihurtu da. Hori kontuan hartuta, baliabide didaktiko egokiak landu beharko ditugu, IKT azpiegituretan eta konektibitatean inbertitu, eta irakasleen prestakuntza eta trebakuntza sustatuko dugu.

Badago zeregina eta horretan arituko gara uztailean zehar. Zehaztasun gehiago izan ahala jakinaraziko dizkizuegu.