Zapatuan ikastolak Baionako kaleetara aterako gara baxoko azterketak euskaraz izateko aldarrikatzen

Urte luzeetako ikastolen borrokari esker, Ipar Euskal Herriko ikasleek Brebeta (DBH3n egiten den froga) euskaraz izatea lortu da. Baina gaur egun oraindik Baxoko frogak (Frantziako selektibitatea) osoki frantsesez egin behar dituzte gure ikasleek, nahiz eta ikasketa guztiak euskaraz egin!

Ikastolei esker, gero eta gehiago dira euskaraz ikasten duten ikasleak. Baina aldi berean, askoz gehiago dira Frantziatik Ipar Euskal Herrira bizitzera heldu diren frantses aberatsak, euskara eta euskal kulturarekiko inolako sentikortasunik ez dutenak.

Benetako hizkuntza politika ausarta behar du euskarak Ipar Euskal Herrian. Apirilaren 22an Frantziako Gobernuari, Akitania, Pirinio Atlantikoei eta Euskal Elkargoari mezu argia helarazi behar diegu: Euskarak bizi behar du eta horretarako Euskararen Hitzarmen berri bat lortu behar dugu.

Euskararen egoera Ipar Euskal Herrian, ikastola guztien eta euskaldun guztion ardura da. Apirilaren 22an 17:00etan Baionan elkartuko gara!