Unai Goiko DJak jarriko du aurten jaialdiko musika

Unai Goiko (Durango, 1982) Kurutziaga Ikastolako ikasle ohia da. Gaur egun Bilbon bizi eta lan egiten du baina berdin aukitu ahalko duzue Madrilen, Bartzelonan zein Valentzian. Artista polifazetikoa da: DJa, komunikabideetan esataria, moda estilista, diseinatzaile grafikoa… Aurtengo ikasturte amaierako jaialdian berak jarriko du guztiok dantzarazteko musika.

Ikastolako ikasturte amaierako jaialdian izango zara musika jartzen, aurten lehenengoz. Edozelan ere, 15 urtetik gora daramatzazu han eta hemen DJ lanetan. Afizioa ofizio bihurtuta?

Dj izatea ez da nire helburua izan, baina beti egon naiz musikari lotuta modu batean edo bestean: solfeoa, euskal dantzak, diskotekak… Gaur egun DJ profesional bezala nabil batetik bestera bidaiatzen eta publiko ezberdinak ezagutzen, eta oso gustora gainera.


Ikastolako jaialdian hainbat urtez Luhartz plaza-taldeak jarri du musika. Suposatzen dugu zurea bestelako proposamena izango dela. Baduzu ezer aurreratzerik?


DJ batek musika asko darama aldean eta zuzenean inprobisatu dezake, hor dago diferentzia. Egingo dudanari lotuta, euskarazko musika izango da oinarria baina publikoaren erantzunaren arabera nahastuta: pop-rocka, trikia eta folka, joera berriak, klasikoak… Eta baita nazioartekoak ere.


Jaialdian gurasoak eta ikasleak batzen dira. Badago guztien gustoa aldiberean egiterik?

Adin eta belaunaldi ezberdinetakoak jai giroan batzea, hasiera batean behintzat, erraza ez da. Baina gauza bat: nagusi moderno asko dago eta baita gazte aspergarri batzuk ere. Beraz, aurreritziak alde batera utzi eta elkartu gaitezen noizean behin!

“Gogoratzen dudan lehen eszenatokia ikastolakoa da, eta orain berriz, bertara igotzea berezia da.
”

DJ lanetan aritzeaz gainera, artea, moda, komunikabideak eta hainbat esparru lantzen dituzu. Zein da euren arteko lotura?

Arteak dira denak, pluralean esatea gustatzen zait, eszenikoak eta plastikoak. Aniztasuna eta nahasketa gustuko ditut, batzuk eta besteak erlazionatzea. Egia da batzuetan sufritu egiten dudala, muga zurrun asko dagoelako, baina gehienetan gozatu egiten dut.


Zeu ere Kurutziagan ikasitakoa zarenez, zelan gogoratzen dituzu ikasturte amaierako jaialdiak?
Txikia nintzenean, dantza talde modernoak antolatzen nituen lagunekin jaietan parte hartzeko. Gogoratzen dudan lehen eszenatokia ikastolakoa da, eta orain berriz, bertara igotzea berezia da. Saiatuko naiz gazteei ilusio hori zabaltzen.


Mantentzen duzu Durangorekiko lotura?
Nahiz eta kanpoan bizi ikastolako lagunekin harremana daukat, eta afarietara joaten naiz. Hala ere, sare sozialetan asko nabilenez, beste norbaitek kontaktatu edo jarraitu nahi banau erraz aurkituko nau @unaigoikolea bilatuta.