Beñat Igarza, Xabier Goiri, Paul Alberdi, June Azkarate, Ander Rubio eta Aritz Corpion dira “Txotxe” zunda meteorologikoaren proiektuan parte hartu duten DBH4ko sei ikasleak. Guztiak ere fisikako ikasgaia aukeratu zuten hautazkoen artean eta fisikarekiko jakinminaren harrak eraginda erabaki zuten zundaren abenturan sartzea. Eskola orduz kanpo, bazkalosteetan garatu dute joan zen zapatuan estratosferaraino hegaldatu zen zundaren proiektua.
Noiz hasi zineten zunda meteorologikoaren proiektua lantzen?
Gabonen ostean hasi ginen. Hasieran astean ordu bat eskaintzen genion eta, egia esan, hasierako tartea nahiko astuna egin zitzaigun oso teorikoa zelako. Zunda bera egiten hasi ginenean hasi zen zatirik politena. Azkeneko asteetan astean ordu bi eskaini dizkiogu.
Zer zeraman zundak barruan?
Zundaren barruan, bere kokapena jarraitzeko GPS APRS telemetria gailu bat eta presioa, tenperatura eta hezetasuna neurtzeko Datalogger aparailu bat zeuden. Horretaz gainera, baita egingo zuen bidaia irudiz jasotzeko hiru kamera ere.
Lan horretan ez zarete bakarrik aritu.
Ez, Eider Gotxi eta Dorkaitz Basarte irakasleek gidatu gaituzte. Gero, Unai Mendez (ikastolako informatikaria) eta Alberto Diez (irratiafizionatua) ere hor egon dira.
Hainbeste denborako lanaren ostean, zelan joan zen zunda askatzeko momentu hori?
Uste baino luzeago jo zuen. 11:00etan egin gura genuen baina 14:00ak ere jo zizkiguten. Globoa helioz puzteak ia hiru ordu eroan zizkigun. Baldintza meteorologikoak onak ziren baina bagenuen kezka aireratzerakoan zuhaitzen bat jota, kateatuko ote zen. Justu-justu libratu zuen Harmailetako zuhaitza!
Uneoro zundaren hegaldia jarraitzeko prestatuta zeundeten.
Bai, GPS gailuari eskerrak, behin 500 metrotako garaiera hartuta, sakelakoetan genuen aplikazio batean haren kokapenaren datuak jasotzen genituen. Guk espero genuen 31.000 metro ingurura igotzea baina 34.950 metroko altuera hartu zuen, seguruasko, hasieran pentsatu genuena baino helio gutxiago sartu geniolako globoari.
Eta halako batean, globoa lehertu egin zen eta…
Hortxe zegoen gure kezka nagusiena. Globoa lehertzerakoan paraxuta zabaldu behar zen eta zelan funtzionatuko zuen jakiterik ez zegoen nahiz eta froga batzuk eginak genituen. Bapatean, jasotzen genituen datuetan ikusi genuen itzelezko altuera galera izan zuela. Egonkortu zenean lasaitu ginen.
Eskoriatzako Marin auzoan lurreratu zen zunda bi ordu eta erdi luzeko hegaldiaren ostean.
Bai. Hainbat simulazio eginak genituen non lurreratu ote zitekeen baina, azken batean, momentuko baldintza klimatologikoek erabat baldintzatzen dute hegaldia. Badaezpada zundak aseguru bat ere egina zuen, ez dagoelako jakiterik non lur hartuko duen.
Zunda berreskuratu zenutenean pozik, ezta?
Oso. Imajinatu genezakeena baino hobeto joan zen dena. Oso esperientzia aberasgarria izan da. Datorren urtean gu ez gara Kurutziagan egongo baina esperientzia errepikatzen bada, parte hartzera gonbidatzen ditugu ikasleak. Gu, gure aldetik laguntzeko prest gaude. Eta ea Ibaizabal ikastolan ere badugun halakoak egiteko aukerarik.
“Txotxe” zunda meteorologikoak egindako argazkiekin osatutako bideoa duzue behekoa: