Datorren ikasturterako jolas-eremu berrian dagoen trena erabilgarri izan gura du ikastolak. Eremua eraldatzeko ikerketa egin zenean gazteek lasai egoteko guneak ere eskatu zituzten jolaserakoez gainera. Ikasturte honetan kanpoko eremua atontzeari eman zaio lehentasuna baina datorrenerako trenaren barrualdea ere prest egongo da. Mahaiak jarriko dira dauden jesarlekuez gainera, eta lasai egoteko edo mahai-jolasetan eta antzekoetan aritzeko leku legez aurreikusten da trena. Momentuz, kanpoaldea margotzen ari dira lau graffitigile.
Treneko leihoan utzitako oharra
Trena ikastolan jarri eta lehenengo hilabeteetan hainbat aldiz margotu zuten (ez beti irudi egokiekin). Jakina da trenak imanak lakoak direla graffitigile askorentat, hori zela eta, ikastolako kide batzuek ohar bat utzi zuten asteburu batean treneko leihoetan: modu txukun batean trena margotzeko prest zegoena jarri zedila ikastolarekin harremanetan eposta helbide batean. Berandu barik iritsi zen erantzun bat. Ikastola materiala jartzeko gertu zegoen eta beraiek margotzeko gogoa zuten. Trenaren alde batek diseinu adostua izango zuela erabaki zen, Harmailetara begira dagoenak. Beste aldea euren sormenerako libre lagatzeko prest agertu zen ikastola.
Atertzeko zain
Aste Santurako prest zegoen zirriborroa baina margoketa lanetan hiruzpalau egun beharko zituztela aurreikusten zuten. Ondotxo dakigunez, aurtengo udaberriak ez ditu lau egun jarraian ateri eskaini, eta horregatik, ikasturte amaiera honetan etorri dira graffitigileak. Lau lagun etorri dira eta gustora ari dira lanean. Harrituta daude haurrek zelan errespetatzen duten euren lana eta zelan ez diren saiatu sprayak hartu eta euren arrastoa uzten.
Madrildik datozen artistak
Nacho da graffitigileetako bat. Iruñean familia du eta harreman estua du Euskal Herriarekin. Bide horretatik iritsi zitzaion treneko leihoan utzitako oharraren berri. Penintsulan nonahi ibiltzen ei dira, batez ere muralak egiten, baita hainbat eskolatan ere. Hori da gustatzen zaiena. Nachok dio berari ez diola bereziki ardura trena den margotzen duena ala horma bat. Eduri ostera bai. Eduk dio graffitigile batentzat ederra dela tren bat lasai margotu ahal izatea. Argi utzi gura du eurek ez direla trenak margotzen ibiltzen direnetakoak, horregatik, denborarekin eta patxadaz lan hori egin ahal izatea gozamena da beretzako. Bitxia da baina Eduk ezagutzen du margotzen ari den trenaren modeloa eta badaki jada ez dela erabiltzen. Horrek berak are erakargarriagoa bihurtzen ei du margotzea. Bihar, ostiralez amaitu asmo dituzte margoketa lanak.
Beraien lana errespetatuko ote den galdetuta, baietz uste dutela erantzun du Eduk. Geuk ere hala espero dugu.