Herrietako jai eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekartzera deitu dute. Mobilizazio bat egingo dute euskararen alde arratsaldean.
Irulegiko Eskuaren aurkikuntzari segika, Sorionekuak manifestua aurkeztu zuten urtarrilaren 14an, Iruñean, Nafarroako hainbat esparrutako pertsona ezagunek. Euskaraz bizitzeko eskubidea aldarrikatu zuten, aparteko ahaleginik egin behar izan gabe bizi ere. «Irulegiko Eskuaren aurkikuntzak zerbait erakutsi badigu, horixe erakutsi digu. Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu: hemen zen eta izanen da», berretsi zuten atzo egindako agerraldian ere Sorionekuak talde sustatzaileko kideek. Ane Eslabak, Reyes Ilintxetak, Haizea Lizarbek eta Ibai Sueskunek egin zuten agerraldia. Iragarria zuten ekainaren 10ean euskararen aldeko mobilizazioa antolatuko zutela. Atzo xehetasunak eman zituzten, eta atxikimendu zerrenda luzea aurkeztu.
Manifestuaren aurkezpenean esan zuten moduan, euskara ez dute kezkarekin lotu nahi. Bizimodua euskaraz egin nahi dute: «Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako». Manifestua aurkeztu zutenetik atxikimendu zerrenda handituz joan da, eta hainbat ekinaldi egin dira Nafarroa osoan. Atzoko agerraldian dei egin zuten «herrietako jai, ohitura, ekimen eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekar ditzaten: herriko zapia, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri edo dena delakoa. Bihur dezagun Iruñea euskararen aldeko koloretako eztanda, ospakizun erraldoia, festen festa». Egun osoko egitaraua ondu dute 10erako. 17:30ean mobilizazio bat abiatuko da Antoniutti parketik. «Euskararen alde pauso bat aurrera emateko» prest daudenak deitu dituzte Iruñera. Kanta ere aurkeztu dute Sorionekuek. Kantan parte hartu dute, besteak beste, Jagoba Arrasatek, Anabel Arraizak, Sustrai Colinak, Zuriñe Hidalgok, Mirian Rivasek eta Martxelo Otamendik.