Sapuherri, ikasleek beraiek sortutako boleibol taldea: “Ondo pasatzea, gozatzea eta Durangon kirola sustatzea dira gure helburuak”

Boleibola kirol historikoa da. Kurutziagan bertan ere urte askoan egon izan da. Azken urteetan, tamalez, talderik ezin izan da sortu, baina hori ez zen arazoa izan: Sapuherri Boleibol Taldea sortu zuten hainbat ikastetxetako ikasleen artean. Besteak beste, Kurutziagako zazpi lagun batu ziren taldera. Sorrerari eta taldearen helburuei buruzko galderak erantzun dizkigu kadeteen taldeak.

Zelan sortu zen taldea? 

Prozesu hau orain dela urte bat sortu zen, maiatzaren 25ean. Lehenik eta behin Durangoko udaleko kirol administratzaileagaz hitz egin genuen, eta geroago Bizkaiko Boleibol Federazioagaz harremanetan jarri ginen. Presidenteak prozesu luze honetan lagundu gaitu, materiala eskaintzen esaterako. Durangotik kartelak jarri genituen eta 40 erantzun jaso genituen. Horren ostean entrenatzaile eta zelai bila aritu ginen denbora luzez… eta otsailean infantilen taldea sortu genuen.

Zenbatek osatzen duzue taldea?

Kadeteen taldean 22 pertsona gaude, horietatik 7 Kurutziaga Ikastolakoak dira. Infantilen taldean, berriz, 40 jokalari daude.

Zelan antolatzen zarete entrenamendu eta partiduetarako?

Kadeteetako taldeak astean hirutan entrenatzen du (astelehenetan, martitzenetan eta eguenetan) ordu t’erdiz. Infantiletakoak berriz astean birritan (eguaztenetan eta barikuetan), hauek ere ordu t’erdiz.

Hondartzako boleibolean ere jokatzen duzue. Zelan entrena daiteke harean jolasteko? 

Kadeteok hondartza boleiboleko txapelketan eman dugu izena, baina ez ditugu horretarako entrenamendu gehiegi egin. Halere, Etxebarriko hondartza berdera joan izan gara. Federazioak ere guk entrena genezan, saio bat antolatu zuen. Oso interesgarria izan zen entrenamendu hura eta asko ikasi genuen hondartzako boleiboleko arau berriez.

Alde handia dago pistan jokatu, edo harean? 

Pista eta hondartzaren arteko desberdintasun nagusiena hondartzan korrika egitea gehiago kostatzen dela da. Horrez gain, ezin da hatzamarretako ikutua erabili, beraz hori egiteko beste modu batzuk ikasi behar izan ditugu.

Kadeteetako taldea, hondartzako boleibolean aritu zireneko bat.

Taldean hainbat ikastetxetako ikasleak zaudete: Zelan izan zen ezagutza prozesua? 

Ez ginen gure artean ezagutzen, baina oso erraza izan zen gure artean harremana estutzea, eta gaur egun denok oso lagunak gara. Gainera, boleibol talde honek gugaz ez dabilen Durangoko beste ikastetxe batzuetako jendea ezagutzen lagundu digu.

Eskola kirolaren baitan ari da infantilen taldea. Zeintzuk dira talde bezala dituzuen helburuak? Irabaztea baino, gozatzea? 

Talde bezala ditugun helburuak ondo pasatzea, gozatzea eta Durangon kirola, gehienbat boleibola, sustatzea dira.

Baduzue taldean barne-arauren bat-edo? Zelan antolatzen zarete partiduetan? 

Aurten ez dugu ligan parte hartu baina lagunartekoa partidu antolatu ditugu. Partidu horietan guztiok denbora berdina jolastu dugu. Halere, entrenamenduen asistentziaren arabera, jolasteko denbora murriztu daiteke.

Lehia gehiegi sustatzen al du gizarteak? 

Ba, egia esan bai. Uste dugu gizartean garrantzi handiagoa ematen zaiola irabazten duten klub edo taldeei eta ez zaiela laguntzarik ematen beste talde batzuei. Guretzat garrantzitsuena jendea pozik egotea eta boleibolaren munduan sartzea da.

Datorren urteetan jarraitzeko asmoa duzue? Eta gazteagoen taldeak sortzea posible ikusten duzue? 

Datorren urtean aurrera jarraituko dugu, dugunari eutsi ez ezik harrobiko talde gehiago egiteko asmoagaz. Baina, egia esan, bi talde osatu izana oso ondo dago. Jende mordoa daukagu apuntatzeko gogoekin!