Rio de Orok “Karabana Solidarioa” hasi du, Saharako herritarrei laguntzeko helburuagaz

Aurten, beste behin, sahararrentzat jakiak jaso eta bidaltzeko kanpaina prestatu du Rio de Oro Gobernuz Kanpoko Erakundeak, “2022eko Karabana Solidarioa” izenpean.

Joan den urteetan legez, 24 tona laguntza humanitarioz zamatutako trailera Tindufeko errefuxiatu kanpamentuetara bidaltzea dute xede. Zoritxarrez, azken urteotan sahararrek jasotako laguntza nabarmen murriztu da, eta horrek ondorio lazgarriak izan ditu haien bizimoduan. Gainera, osasun-larrialdiak eta Marokorekin piztutako gerrak egoerak okerrera egitea baino ez dute ekarri.

Hori guztia dela-eta, aurten inoiz baino gehiago, Durangaldeko ikastetxeen beharra dute jakiak bildu eta proiektua burutu ahal izateko.

Egungo baldintza bereziak kontuan hartuta, BIZUM edo transferentzia bidezko kanpainara batzeko deia egin dute. Jasotako doaintzen %100 jakiak erosteko baliatuko da. Kanpainak  otsailaren 13ra arte iraungo du.

Kurutziaga Ikastolaren berri ere izan dute bertakoek, kamisetarik ailegatu izan baita bertara. Laguntzak, txikia dirudien arren, heltzen denaren eta asko balio duenaren seinale.