PortaDA! erronka: ikasleentzako lehiaketa berezia 56. Durangoko Azokarako

Durangoko Azokak edizio honetan presentzialtasuna berreskuratuko du, baina ezinezkoa izango da guztiz presentziala izatea. Horregatik, Ikasle Goizean ez da aurrez aurreko ekintzarik egongo, eta Abenduaren 3an Landakogunean ez da ekitaldirik izango eta erakusmahaiak abenduaren 4tik aurrera egongo dira zabalik.

Ikastetxeoi, baina, Durangoko Azokarekin lotura izaten jarraitzeko gonbitea luzatuko digute, PortaDA! erronkan parte hartuz.

Euskarazko liburu eta diskoak ezagutzeko helburuagaz eta gaztetxoen sorkuntza sustatuz, liburu eta diskoen portadak izango dira lehiaketako gaia.

Portada horietako irudiak birsortu egin beharko dira, gorputz atalak edota eguneroko objetuak erabilita.

ZER EGIN BEHAR DA?

Pertsonen gorputzak edo eskura izaten ditugun elementuak erabilita, euskarazko liburu eta disko baten azalean agertzen den irudiarekin bat etorraraziko da. Liburuaren edo diskoaren izenburua argi eta garbi ikusi behar da.

Argazkia PortaDA! gaiarekin, ikastetxeko datuekin, zein kategoriatan parte hartzen den zehaztuz, eta harremanetarako datuekin ondorengo e-mail honetara bidali beharko da: komunikazioa@durangokoazoka.eus

Horrez gain, ikastetxearen sare sozialetan #portaDA  eta #56DA traolak erabilita zabaltzea ere eskertuko genuke.

EPEA

Lehiaketan parte hartzeko epea azaroaren 30era arte egongo da zabalik.

SARIA

Bi sari egongo dira, kategoria bakoitzeko bat.

  • Lehen Hezkuntza: “Iratxoen kantu sekretuak” ikuskizunaren emanaldia ikastetxean.
  • DBH eta Batxilergoa: Huntza taldearen bisita eta ikastetxera egokitutako emanaldia.

Informazio gehiago, testuari loturiko estekan.