Plan Estrategikoa: barne antolaketa eta lantaldea

Ekaineko Batzar Nagusian aurkeztuko den Plan estrategikoaren azalpenekin jarraitzen dugu, eta aste honetan, Urko Rodriguezek (Zuzendari Gerentea), Gotzone Duñabeitiak (Zuzendari Pedagogikoa) eta Jon Elorrietak (Kurutziagako Presidentea) emango digute hirugarren erronkaren berri.

Lantalde gaitua, konprometitua eta aintzatetsia etapen arteko lankidetza, koordinazioa eta kohesioa sustatuz”

Lantalde gaitua, konprometitua eta aintzatetsia… Hasi gaitezen hortik.

Etorkizunerako helburu bat izateaz gainera, daukagunaren aldarrikapen bat ere bada. Gurea, nagusiki, hezkuntza proiektu bat den neurrian, gure lantaldearen lana lehen planoan jarri behar dugu. Irakaslegoaren eta ikastolako profesionalen lana behar den neurrian lana baloratu eta aitortza egitea dagokigu lehenik, bestela emango luke hutsetik hasten garela eta hori ez da egia.

Kohesioa sustazea ere aipatzen duzue.

Bolumen handiko ikastola gara eta ikusten dugu badela premia barne-komunikazioa areagotuz kohesio hori sustatzeko. Etapaka antolatuta gaude baina gure proiektua orokorra da eta ezinbestekoa da langilegoak ere ikuspegi oso hori izatea eta inplikatuta sentitzea. Horretarako beharrezkoak dira komunikazio kanal eraginkorrak guztiok, uneoro, ikastolan zertan den jakitun izateko.

Zertan gauzatuko litzateke barne-komunikazio lan hori?

Ikastolako antolaketa pedagogikoan, zuzendaritzan hartzen diren erabakiak langileetara modu eraginkorrean heltzea da helburua. Aldi berean, etapako iritziek ere itzulerako bide bera izan dezaten behar dugu. Organigrama mailan antolaketa on bat edukitzeaz gainera, komunikazio kanal egoki eta eraginkorrak sortu behar ditugu. Horretan ari gara eta ariko gara datozen urteotan.

Langileen lan-baldintzak eta asebetetze maila ere ageri dira helburuen artean.

Jakina. Lan arloko jardunen azterketa ere egin beharko da gure langileen asebetetze maila ezagutu eta hobetzeko. Horretarako badugu marko bat Euskal Herriko Ikastolen Elkartetik datorrena, eta hor zehaztutako ildoen barruan egingo dugu lan langileen behar, eskari eta bestelakoak aintzat hartuz.

Lankidetza eta koordinazioari oso lotuta dagoen beste gai bat denborarren kudeaketarena da.

Denboraren kudeaketa aipatzerakoan efizientziaz eta efikaziaz ari gara. Hori lortzeko ezinbestekoa da prestakuntza jasotzea gure jardun profesionala eta eta horren koordinazioak dakarren lana hobeto kudeatzeko. Eta gauza bera diogu lidergoari dagokionean ere: arduretan postuetan daudenak (maila ertainetan edo zuzendaritzan daudenak) prestatu egin behar dira lidergo gaitasunetan (talde gidaritzak, komunikazioan eta abarretan) gure jarduna atseginagoa eta eraginkorragoa izan dadin.