Kurutziagako ikasleria JUUL kanpainan sartuta dago, irakurzaletasuna Kurutziagan ere pizteko asmoagaz. Asteotan ekintza bereziak antolatzen ari dira, eta tartean dago Peru Magdalena Arriagak eskaini dituen ipuin kontaketak. Idazleak eta Kurutziagako ikasle ohiak LH 1-2-3 mailetako ikasleei eskaini dizkie ipuin kontaketa horiek, ikastolako afiteatroan. Berak kontatu digu zein ipuin kontatu dituen, eta JUUL kanpainataz zein bere lanetaz ere egin dugu berba.
Zer ekarri duzu ikastolara?
Ipuinak kontatzera etorri naiz. Aurten beteko dira 80 urte Astrid Lindgren idazleak Pippi Långstrump edo Pippi Kaltzaluze sortu zuenetik, eta 20 urte idazlea bera zendu zenetik. Askok ez dute jakingo agian, baina Pippi Euskal Herrira etorri zen behin, eta orduko ipuinak kontatuko ditut.
JUUL kanpaina abian da gure ikastolan. Idazle bai, baina irakurzale sentitzen al duzu zure burua? Txikitatik izan zara?
Irakurzalea naiz, oso. Dena dela, benetan irakurzale nerabezaroan eta gaztaroan bilakatu nintzen. Txikitan ez nintzen bereziki liburu zalea, egia esan.
Zure lanek badute fantasiatik zein errealitatetik jasotako dosietatik zerbait Txomin anaiagaz egindako lanak adibide, ‘Txomintxo eta Perutxo’ liburuetan. Zer dute helburu liburu horiek, fantasiaren barruan sartzea, ala mezu nagusiari heltzea?
Helburu nagusia ludikoa da, pedagokioa baino. Idazten gozatzea, gero irakurleek ere goza dezaten asmoagaz. Mezuak gerora azalduko dira, oharkabean, irakurketa bakoitzak bereak aterako dituelarik. Bestalde, errealitatearen kontzeptua nahiko pertsonala eta subjektiboa iruditzen zait. Hori dela-eta, ez diogu jaramon handirik egiten fantasia eta errealitatea desberdintzen dituen balizko muga horri. Umeek are eta askeago bizi dute kontu hori, gainera.
Zein punturaino da garrantzitsua txikitatik irakurzaletasuna edukitzea?
Irakurketaren onurak zenbaezinak dira, eta ez nuke bukatuko berauek zerrendatzen hasiko banintz. Baina esan gurako nuke, nire kasuan, literaturak praktikoki lagundu didala neure burua kokatzen, besteak ezagutzen eta, oro har, bizitza hobeto eta sakonago bizitzen. Ez da gutxi.
Eta irakurzaletasun hori euskaraz josiz gero…
Irakurzaletasuna euskaraz josiz gero bizi guztirako finkatuko zaigu gogoan hizkuntza, eta horrek gizaki ahaltsuagoak bilakatuko gaitu. Sekulako altxorra da gure hizkuntza.
2021ean ‘Nazkatasuna’ liburua argitaratu zenuen Mikel Valverdegaz batera. Zer adierazten duzue bertan?
Norberak nazka bere erara sentitzeko askatasunaz dihardu albumak. Oinarrizko emozio bat da nazka, defentsarako oinarrizko mekanismo bat, eta liburuan hiru umeren istorioa kontatzen da, Mikel Valverderen ilustrazio zoragarriekin. Oso pozik nago emaitzagaz!