Ostiralean abiatuko da Pantailaldia (Berria)

Pantailak Euskaraz taldeak sortu du egitasmoa. Bi helburu nagusi ditu: euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta euskarak pantailen munduan dituen gabeziak azaleratzea, erakundeek pausoak eman ditzaten.

Euskaraldiaren testuinguruan, Pantailak Euskaraz taldeak Pantailaldia egitasmoa abiatuko du ostiralean. Azaroaren 11tik 18ra, mota guztietako pantailetan euskarazko edukiak erabili, kontsumitu edo sortzeko erronka joko diete herritarrei. Bi helburu nagusi ditu ariketak: euskarazko ikus-entzunezkoen kontsumoa sustatzea eta euskarak pantailen munduan dituen gabeziak azaleratzea, erakundeek pausoak eman ditzaten.

Herritar orok parte hartu dezake Pantailaldian, Pantailak Euskaraz taldearen webgunean dagoen formularioa betez. Izen ematea ostegunera arte egongo da zabalik. Oraingoz, ehun pertsonak baino gehiagok eman dute izena. Aste osoan, #Pantailaldia traola erabiliko dute euren bizipenen berri emateko. Erronka errazteko asmoz, sare sozialetako kontuetan jartzeko irudi bat, euskarazko ikus-entzunezkoen baliabideen zerrenda bat eta agenda proposamen bat bidaliko dizkiote parte hartzaile bakoitzari.

Horrez gain, bost boluntariok konpromiso berezia hartu dute. Egitasmoak iraun bitartean, euren bizipenen berri emango dute sare sozialetan, baita komunikabideetan ere, elkarrizketen eta erreportajeen bidez. Andoni Solorzano hizkuntza aholkularia, Itziar Luri kazetaria, Mitxel Elortza irakaslea, Nagore Irizar bikoiztailea eta Ioritz Gonzalez irakaslea izango dira boluntarioak.

Sare sozialetako erronka baino gehiago

Pantailaldian, hainbat deialdi egingo ditu Pantailak Euskaraz-ek. Besteak beste, gonbidapena egingo dute azaroaren 12an Bilbon egitekoa den Jokoteknia euskarazko bideojokoen jardunaldian parte hartzeko. Azaroaren 13an, berriz, protestak egingo dituzte hiriburu bakoitzeko zinema batean, Zinema euskaraz, gure eskubidea lelopean. Izan ere, gogorarazi dute Euskal Herrian urte osoan eskaintzen diren zinema emanaldien %1 soilik dela euskaraz.

Egitasmoa euskalgintzako eragile nagusien oniritziarekin gauzatuko da, eta Pantailak Euskaraz-ek eta ikus-entzunezkoekin lotutako hainbat eragilek babestuko dute. Esate baterako, Zinea.eus, Game Erauntsia elkartea eta Euskal Encodings dira babesleetako batzuk.

«Mota guztietako pantailetara» zabaltzeko asmoa dute Pantailaldia. Zer-nola ikusi, beraz, sarean diren euskarazko edukiak? Nondik hasi? Zerrenda luze bat ondu du Pantailak Euskaraz taldeak, eduki horiek eskaintzen dituzten plataforma gehientsuenekin. Hona hemen:

Filmak, telesailak, dokumentalak

Bada non aukeratu: Netflix, Amazon Prime Video, HBO Max, Vimeo, Filmin… Streaming plataforma horiek euskarazko audiodun zein azpitituludun edukiak eskaintzen dituzte. Aplikazioetan bertan topatzea, baina, ez da hain erraza. Dena dela, zernonikusi.eus webguneak bilatzaile bat sortu du, plataforma horietan eta beste hainbatetan diren edukiak klik batean topatzeko. Azpidatzien, audioaren, generoaren edo eduki motaren arabera iragazi daitezke bilaketak.

Euskal Encodings da beste aukeretako bat: datu base bat da, euskara bikoiztutako eta azpidatzitako edukiak biltzen dituenak —deskargatuta edo sarean ikus daitezke—. Ikusi nahi duzun ikus-entzunezkoa bilatu, ikusi botoiari sakatu, eta segituan has zaitezke edukiez gozatzen.

Bestalde, Nafarroan zein Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan badira liburutegi publikoak sarean: Nafarroako Liburutegi Publikoak bata, eta eLiburutegiabestea. Dagokion liburutegiren bateko txartela behar da. Astean, gehienez bi eduki hartu daitezke maileguan, eta 72 ordura arteko epea dago nahi adina aldiz ikusteko.

Telebista kateak

Fikzioa ez da Pantailaldiaren funtsa bakarra; hura alde batera utzita, euskarazko telebista kateak kontsumitzera ere deitu du Pantailak Euskaraz taldeak. Bai irismen handikoak —Hamaika Telebista, ETB1, eta ETB3—, bai tokian tokiko telebistak: Kanaldude, Ipar Euskal Herrikoa; Xaloa Telebista, Nafarroa, Baztan, Bertizarana eta Malerrekakoa; Erlo Telebista, Urola Kostakoa; 28 kanala, Tolosaldekoa; GITB, Goierrikoa; eta Oizmendi Telebista, Lea-Artibaikoa eta Busturialdekoa.

Telebista nahieran

Zuzenean ez ezik, telebista nahieran ikusteko aukera ere bada. Dela erreportajeren bat, saioren bat, elkarrizketaren bat… Euskal Herri mailako hedabideek edukiak edonoiz kontsumitzeko parada eskaintzen dute —baita goian aipatutako tokian tokikoek ere, haien webguneetan—. Lehen horiek dira, esate baterako: Berria TB, Argia-ren Multimedia atala, Hamaika Telebistaren Nahieran orrialdea eta EITBren Nahieran zerbitzua.

Haur, nerabe zein gazteentzat

Etxeko gazteenek —eta ez hain gazteek ere— bideo sorta zabala dute eskuragarri, bai disfrutatzeko, baita ikasteko ere. Lehengorako, EITBren 3klubaaplikazioan hamaika bideo dira txikienentzat. Orain gutxi estreinatutako Loa eta Laia marrazki bizidunak ere. Bi sorgin dira protagonistak, eta helburu du haurrak musikara zaletzea eta balioak transmititzea. Lehen atala argitaratu dute gaurdaino, eta hilean saio bat argitaratzeko asmoa dute.

Entretenimenduaz gain, eduki didaktikoak ere badira euskaraz. BERRIAk iaz abiarazi zuen Berria Ikasgela. 12 eta 18 urte bitarteko ikasleei zuzendutako edukiak dira, ikasgaiak osatzeko aproposak izan daitezkeelako aukeratuak. Ikusi hemen bertan diren bideoak.

Nafarroara begira, bertako toki entitateetako 28 euskara zerbitzuk era.euswebgunea sortu dute, euskaraz ikasten duten haurren gurasoei laguntza eta baliabideak eskaintzeko eta seme-alaben ikasketa prozesua osatzeko. Filmen eta marrazki bizidunen zerrenda bat ere badu.

Bestalde, Ikusgela proiektua duela ez asko abiarazi du Euskal Wikilarien Kultura Elkarteak. Orain arte, filosofiaz, euskaraz eta ekonomiaz mintzatu dira bertan: Simone De Beauvoir, Descartes; Bernart Etxepare, Axular; BEZa, soldata garbia eta gordina, besteak beste.

Bideo bidezko eskolez gain, gogoetarako tarterik ere bada. «Gazteen eguneroko kezka eta galderetatik abiatuta», Geruzak proiektuak feminismoa, soziolinguistika, kultura eta pentsamendua lantzen ditu, nola ez, euskaraz eta euskaratik. Sei atal ditu, oraindik bakarra argitaratu badute ere. Aurki ikusi ahal izango da bigarrena, Sormena; azaroko bigarren hamabostaldian estreinatuko dute, Tuteran. Hirugarrena, Askatasuna, berriz, abenduaren 9an, Durangoko Azokan—. Gainontzeko hiru atalak zehazteko daude: Boterea, Ondo bizitzea eta Taldetasuna.

Youtubeko beste kanal batzuk

Haurrentzako azken proposamenak: batetik, Ene Kantak Youtubeko kanala, behar bezainbeste kantu eta koreografiekin. Bestetik, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen abesti, dantza eta ikuskizunak gogoratu nahi? Haien Youtubeko kanalean, KatxiporretaTBn, nahi adina bideo dira eskuragarri, noiznahi ikusteko.

Bere aldetik, Euskal Encounterrek ere sareratu ditu euskarazko hainbat marrazki bizidun haren Youtubeko kanalean. Gainera, tutorial bat ere argitaratu zuen, Youtube Kids aplikazioan haurrek euskarazko edukiak soilik ikus ditzaten.

Bideojokoak

Ikusi eta entzuteaz gain, baina jokatzea ere. Game Erauntsiaren helburua euskarak bideojokoetan duen presentzia areagotzea da. Haren webgunean, euskaraz gozatu daitezkeen 101 joko bildu dituzte egun arte.