“Obrak urri amaierarako bukatzea espero dugu”

Urko Rodriguez. Kurutziaga Ikastolako zuzendaria.

Zelan hasi da ikasturtea?
Ikasturte berri batek dakarren ohiko tentsioarekin, baina ondo. Jakina, aurtengo honetan ikastolan egiten ari garen lanek baldintzatu dute hasiera hau. Ekainean aurreratu genuen legez mugimendu batzuk egin ditugu. Adibidez, Haur Hezkuntzako gelei (eta LH2koei ere) leku berriak egokitu dizkiegu obrarik egongo ez den lekuetan. Mugimendu horiek aurreikusita genituen, baina espero ez genituen erabaki batzuk ere hartu behar izan dira, irailerako amaituta egon beharreko espazio batzuk ez dira-eta erabilgarri egon.

Lanen eraginez neurri batzuk hartu behar izan dituzue.

Hartutako neurriak segurtasunaren mesedetan izan dira, eta ahalik eta kalte gutxien eragiten ahalegindu gara. Haur eta Lehen hezkuntzetan, lehenengo astean, eguerdiko zaintza indartu dugu eta, aldi berean, etxera joateko ordua aurreratu dugu. DBHn ordutegi jarraia iraila bukaera arte izateak eguerdian batuko duen ume kopurua arintzen lagunduko digu zaintza egoki baten mesedetan. Neurriotako gehienak irailera begira egin dira, izan ere, uste dugu tarte horretan lanak asko arinduko direla. Edozelan ere, eskertu egin gurako genuke ikastolako langileen eta familien aldetik erakutsi den jarrera ulerbera.

Zelan doaz lanak?
Orokorrean obrak atzerapen txiki batekin doaz. Urteko asanblada orokorrean San Faustoetako epea eman genuen, baina eraikitzaileak eman digun azken datak urri amaiera ingurura garamatza.

Haur Hezkuntzako eraikin berria ezagutzeko irrikaz daude txikiak.

Lanak barrutik ikusita ikusgarria geratuko da, dudarik gabe. Eraikina aspalditik lantzen ari garen bestelako hezkuntza eredu bati erantzuteko pentsatu zen, eta espero dugu haurrentzako eta irakasleentzako espazioa ezin atseginagoa izango dela.

Eta kanpo espazioa?

Kanpo espazioa beste iraultza bat da. Orain lau urte hasitako prozesu bat gauzatzea izango da, amets bat egia bihurtzea. Interesgarria da zelan egin den (parte-hartze prozesu batekin hasita), zelan jartzen duen ikastola berriz ere naturarekiko harremanean, eta zelan espazio antolaketak, hezkidetza aldetik ere, bestelako harreman eredu orekatuagoak bultzatuko dituen.

Tren bagoiak hitzetik hortzera dabiltza guraso eta, batez ere, haurren ahotan.

Kanpo espazioaren eraldaketarekin ari ginela Eusko Trenek egindako lagapen eskaintzari baiezkoa eman genion aukera ezberdinak ikusten genizkion eta. Hezkuntza komunitatearen beharrak aztertu eta hausnartu beharko dira erabilera zehazteko. Hainbat behar daude eta lehentasunen arabera erabakiko dugu zertarako erabiliko ditugun espazio berri hauek.