Gaur egun migrazioaz eta arrazakeriaz hitz egiten jarraitu beharra albiste txarra da berez. Baina aste honetan testigantza eta laguntza handia izan dugu, eta aurrerago ere horrela izango da. Hemen doaz azalpenak
Amets Arzallusen bisita izan dugu
DBH2ko ikasleek Etikako eta Gizarteko ikasgaietan migrazioa eta arrazakeria landu dituzte. Lanketaren parte izan da Amets Arzallusek eta Ibrahima Baldek idatzitako Miñan liburua irakurtzea. Horrez gain, Ametsekin batzeko aukera izan dute liburuaz hitz egiteko. Eskerrik asko, Amets. Beregaz solasaldi interesgarria izan genuen iaz, orduan ere Kattalin Minerregaz batera bisitatu gintuen.
Aita Mari ontziagaz konexioa
Aita Mari itsasontziak Itsas Salbamendu Humanitarioa egiten du Mediterraneoan. Haien lana gertutik ezagutzeko zuzeneko konexioa egin behar genuen ekainaren 15ean. Komunikabideetan ikusiko zenuten bezala, azken egun hauetan hiru erreskate egin behar izan ditu Aita Marik eta berrogeitik gora migrante daramatza. Hori horrela izanik, bertan dauden pertsonen intimitatea babesteko, ikastetxeekin lotuta zituzten konexioak bertan behera geratu dira. Aukera berri baten zain geratuko gara!