Marta Esteras HHko irakasleak haurrentzako koreografia bideoak egin ditu

Marta Esteras galdakoztarra (eskuman argazkian) Kurutziagako haur hezkuntzako bi urtekoen gelako irakaslea da. Bere koinata Isarekin batera hainbat bideo zabaldu ditu Facebooken dantzen koreografiekin eta baita dexenteko zabalkundea lortu ere.

Hasteko, derrigor egin beharreko galdera, beste guztion moduan konfinamenduan egongo zarenez, zelan daroazu?

Halaxe da , bai. Zoritxarrez koranobirusa dela medio, bai edo bai, etxean geratu behar dugu. Nahiz eta luze jo, nahiko ondo daroat. Buruari buelta asko ez emoteko, umore onez eramaten saiatu behar da. Horregatik, lehenengo egunetik, egoera zelan zegoen ikusita, zeozer egin behar genuela erabaki genuen egunak ahalik eta ondoen pasatzeko.

Nondik sortu zitzaizuen bideook egiteko ideia?

Konfinamenduko lehenengo egunean neure urtebetetzea zenez, familiarekin ospatzeko asmoz, bideo bat egin genuen. Lagunen artean zabaltzen hasi zan eta ikusita zelako pozik jartzen ziren, batez ere umeak, egunero grabaketa desberdin bategitea erabaki genuen. Nire neba, koinata eta hirurok egiten dugu dena. Nebak eszenatokiak egiten ditu eta Isak eta biok dantza. Orduak egiten ditugu holan!

Nire ahizpak liburudenda bat dauka Galdakaon eta dendako Facebooken ipini zituen bideoak. Hortik aurrera gora!

Espero ez zenuten harrera izan dute, ezta?

Bai, ba! Konturatu gabe gero eta jarraitzaile gehiago genuen. Haien artean “Ume amantalanak” edo “Kantu koloreko” abeslaria. Eta garrantzitsuena, auzoko ume gehienak egunero egoten dira itxaroten guri haienak bidaltzeko. Proposamenak ere izaten ditugu eta guretzako erronka denez gustura egiten dugu.

Zeure Kurutziagako ikasletxoentzako mezuren bat?

Noski baietz! Egunak pasatu ahala gero eta gehiago akordatzen naz haietaz. Grabatzen ari garenean nire aurrean daitudala imajinatzen dut eta horrek indarra ematen dit. Askoz errezagoa da holan, bestela… zelako lotsa!! Mosu handi bat eta ea laster ikusten dugun alkar ikastolan!

Denon artean lortuko dugu!

Neu ere etxean geratzen naiz!

Oharra: Bideo gehiago Galdakaoko Cervantes liburudendaren Facebookeko orrian aurkituko dituzue.