Berrogei urte onak pasa dira Maite Arrizabalaga Kurutziagan beharrean hasi zenetik. Ikastolak berrogeita hamar bete dituen ikasturte hau izango da Maiteren azkena Kurutziagan. Gozatu dezala gomendatu diote, eta gozatzen ari dela dio.
Noiz hasi zinen Kurutziaga Ikastolan beharrean?
1976an izan zela esango nuke. Magisteritzako ikasketak amaitu eta Parisen egin nuen urtebete. Handik bueltan, uste dut Andoni Barreñak esan zidala Kurutziagan irakasle premia zegoela, eta aurkeztu egin nintzen.
Zer zen orduan Kurutziaga?
Eraikuntza aldetik Txaleta, gaur egun haur hezkuntzako eraikina dena eta frontoia eginda zeuden ordurako. Ni Txaletean hasi nintzen, bi urteko umeekin. Orduan ere ikastolak izan ziren lehenengoak bi urteko umeen gelak sortzen. Euskara etxetik ez zekartenak lehenbait lehen euskaran murgiltzea zen asmoa.
Eta zelan bi urteko umeekin?
Hango negarra eta jaleoa! Kontuan hartu magisteritzako jendea, gehienbat, lehen hezkuntzara begira prestatzen zela, irakurketa, idazketa eta halako kontuetan. Ez zegoen aurrekaririk bi urteko gela bat zelan antolatu. Barrez gogoratzen dut oraindik orduko zuzendari zenari (Xabier Garagorri) zer egin behar nuen galdetuta esan zidana: “Itxi atea giltzez eta eutsi!”.
(Maiteren lehenego urtea. Bi urteko gelakoekin Urkiolan)
Autoformakuntza izan zen zuena?
Batetik bai. Baina, bestetik, izan genituen formakuntza aukera batzuk. Oso talde gaztea eta aurrerakoia ginen. Behin Parisera joan ginen laupabost egunerako hango haurreskoletako esperientzia batzuk ezagutzera. Decroly eskola ezagutu genuela gogoan dut, Frantziako eskola nazionaletik oso aparteko pedagogia zerabilena. Oso bitarteko gitxirekin baina umearen esperimentazioan eta jakin minean oinarritzen zen. Hortik ekin genion haur hezkuntzan txokoak sortzeari. Ura erabiltzen genuen, harea, margoak… Pentsa! Gaur egun Egokitzapena edo Etxekotzea esaten zaion hori orduan ezarri genuen. “Gurasoak ikastolan?!” Zur eta lur geratzen ziren batzuk.
Zelako zen gurasoekiko harremana orduan?
Ona! Familia bat zen ikastola, askoz txikiagoa. Ikasleren batek arazoak bazituen, gurasoek deitu, eta bere etxera ere joaten ginen inoiz laguntzera. Garaiak ere bestelakoak ziren.
Materiala ere zeuek sortzen zenuten.
Asko bai. Fotokopiagailurik ere ez zegoen hasiera haietan vietnamitarekin ibiltzen ginen. Suposatzen zuen lanaz aparte, bazuen alde txar bat, material hori gordetzea zaila izaten zen eta sarritan urte batetik bestera berriz sortu behar izaten zen. Azken batean egunean-egunean ari ginen dena sortzen eta asmatzen, ilusio handiarekin eta apenas erreferentziarik barik.
Ikastola herrira ateratzen ere aitzindariak izan zineten.
Neurri batean ihauteriak Kurutziagatik berreskuratu ziren Durangon. Mozorrotu eta kalera ateratzen ginen umeekin inork egiten ez zuenean. Kanta eta pertsonaiak berreskuratu genituen, berriak sortu… Ulertu behar da heziketa frankista zorrotz eta zurrun batetik gentozela, eta guk hori guztiori irauli gura genuen, bai formetan eta baita edukietan ere. Geure herria ezagutu, kultura eta ohiturak berreskuratu eta bultzatu… Dena!
Hasierako garaiatez ari gara, baina gerora beste ardura batzuk hartzea ere egokitu zitzaizun ikastolan.
Bai. Ikasketa Burua ere izan nintzen sei bat urtez, oker ez banago. Hori guztiz bestelako lana eta ardura da. Ikastolaren ikuspegi orokorra izan behar da, eta ez dakizu egunak zer sorpresa, zer arazo ekarriko dizun, handik edo hemendik. Gogoan dut behin, zelan barikuz deitu ziguten zapatu arratsalderako gela oso bat konbokatzeko txerto bat emateko. Zapatu goizean ikastolara etorri eta familia guztiei deika: batzuk auskalo nora bidean, besteak asteburu-pasa halako tokitan… Beti bazen zeozer!
Hasi zinen hartan pentsatuko zenuen ikastolak berrogeita hamar urte beteko zituela?
Bai zera! Orduan “Jubilazio” berba ez zen existitu ere egiten. Edozelan dela, azpimarratu nahiko nuke lankideon artean beti egon dela giro bat, elkarrekiko arreta bat, elkar zaintze bat, bide hau, bere une zailekin, errazagoa egin duena. Gaur daudenak ere, gazteak-eta, oso gustura ikusten ditut, gauzak egiteko gogotsu, alai. Hori oso garrantzitsua da.