Irailean jaso genuen Euskalgintzaren Kontseilutik Durangoko Udalaren laguntzaz Durangoko ikastetxeetan martxan jarri nahi zuten Erabiliaz dinamikaren berri. Egitasmo horrek, Euskaraz bizi nahi dut ekimenaren baitan, haur eta gazteen artean euskararen erabilera bultzatzea izan du helburu. Azken urteotan egin diren neurketa guztiek euskararen erabileran beherakada nabarmena erakutsi dute, orokorrean adin tarte guztietan, baina bereziki gazteen artean. Euskararen ezagutza datuak goruntz doazela dirudien honetan, erabilera derrigorrez landu beharreko esparrua da.
Inongo zalantzarik barik ekimen honetan parte hartzea erabaki genuen, eta aste honetan batzar-gela koloreztatu duen erakusketak jaso du sormen-lan guztiaren emaitza. LH1. mailatik DBH4. mailara arteko ikasleek parte hartu dute ekimenean: batzuk muralak egin dituzte, beste batzuek ipuinak idatzi, ipuinak komiki bihurtu dituzte, komikiak bideo…
Sorkuntza bultzatu duen ekimen honetan guztiok gara irabazle, baina gehien gailendu dena “Euskaraz bizi nahi dugu” leloa izan da.