Kirol Batzordeak gurasoen parte-hartzea behar du

Oscar Alberdi eta Unai Zamalloa Kurutziaga Ikastolako Kirol Batzordeko kideak dira. Oscar Alberdi ikastolako gurasoa da. Unai Zamalloa ikastolako kirol koordinatzailea. Batzordearen lana ezagutarazteko batu gara eurekin.

Zer da ikastolako Kirol Batzordea?

Oscar: Kirol Batzordea koordinatzaileak (Unaik) ikastolako zuzendaritzako ordezkari batek eta gurasook osatzen dugu. Ez gara ari kirol talde ezberdinetako delegatuen bilgune bati buruz. Batzorde honek ikuspegi orokorragoarekin jokatu behar du: kirol eskaintza zein den aztertu, zein izan beharko lukeen pentsatu, eta eskaintza hori zein printzipiotan oinarritzen den zaindu.

Unai: Horretarako ezinbestekoa da gurasoen parte-hartzea eta hemendik dei bat egin gura diegu guztiei. Ez ditugu hogei guraso behar, baina bai taldetxo bat, Oscarrek aipatutako helburu horiek uneoro lantzen joateko. Gainera, orain, ikastola datozen urteotara begirako Plan Estrategikoa lantzen ari den honetan, garrantzitsua da, kirol arlotik ere, gure ekarpena egin eta helburuak zehaztea.

“Kirol eskaintza zein den aztertu, zein izan beharko lukeen pentsatu, eta eskaintza hori zein printzipiotan oinarritzen den zaintzea da batzordearen funtzioa”

Zelan baloratzen duzue Kurutziagaren kirol eskaintza?

Oscar: Lehenengo eta behin zehaztu beharra dago gu eskolaz kanpoko eskaintzari buruz ari garela. Horri dagokionez, baditugu oinarri batzuk. Gure lana ez dago ez errendimenduari, ezta emaitzei begira planteatuta. Helburua da kirola egin gura duen inor kanpoan ez geratzea.

Unai: Eta lortzen dugu. Kurutziagan bertan dena delako kirola egiteko taldea osatu ezin denean, beste zentru batzuekin koordinatzen gara eta, hango eta hemengoak elkartuta, taldea osatzea lortzen da. Intsalazio aldetik ere ez gaude batere txarto. Orain bi urte galdetegi bat pasa genuen eta han jasotako emaitzak kontuan hartuta gure eskaintza osatzen ahalegindu gara.

Zelan osatu da eskaintza hori?

Oscar: Ba, adibidez, Multikirolak LH2tik aurrera eskaintzen dira orain. Kontuan hartu behar da Eskola-Kirola deitzen zaiona LH4tik aurrera hasten dela. Multikirolen aukerarekin gure gaztetxoak, jolasaren bitartez, hainbat kirol ezagutzen joaten dira aurrerago aukeraketa egin ahal izateko, hala nahi badute.

Unai: Multikirolen aukerak oso harrera ona izan du. Batetik kirol ia bakarraren nagusitasuna dagoen garaiotan beste aukera batzuk ematen ditu ezagutzera. Baina bestetik, beste zentru askotan ez bezala, Kurutziagan, behin Eskola-Kirolean hasita ere, badago aukera kirol batean baino gehiago aritzeko. Demagun, batek saskibaloia aukeratu duela baina pilota ere egiten duela, eta ordutegiagatik, halako egunetan ezin duela bietan egon. Bada hori ez da arazo bat gurean.

“Helburua da kirola egin gura duen inor kanpoan ez geratzea”

Durangon kirol ezberdinak egiteko dagoen eskaintza ere ezagutzera ematen da, ezta?

Unai: Gaur egun klub eta talde ezberdinekin dagoen harreman guztiz bestelakoa. Zuzeneko harremana daukagu eta, beraiek etortzen dira ikastolara, edo geuk bideratzen ditugu ikasleak talde horietara. Euren aldetik interesa dago ezagutzera emateko eta gure aldetik aukera aparta da abaniko zabalagoa izateko.

Makinatxo bat entrenatzaile beharko da eskaintza guztiori aurrera eroateko.

Unai: Piloa dira, bai. Eta harrotasunez esan genezake %80a bertoko ikasle ohiak direla eta euren borondatez mantentzen dutela entrenatzeko konpromisoa. Zortekoak gara horretan!

Oscar: Entrenatzaileak baditugunez, orain gurasoak behar ditugu Kirol Batzordea osatzeko. Animatu!

Gurasoen artetik inork Kirol Batzordean parte hartzeko interesik balu uzamalloa@kurutziagaikastola.eus helbidera idatzi eta Unaik emango dizkio, gustu handiz, azalpenak.